Duela aste batzuk, Leioako Udaltzaingoak, Ertzaintzagaz batera, alkohola kontsumitzeko gazteek kalean egiten dituzten elkarretaratze handiak eragozteko zaintza- eta jarduera-dispositibo berezia abiatu zuen. Dispositibo horren ondorioz, Leioako agenteek lau salaketa administratibo egin zituzten aurreko zapatuan, eta kalean kontsumitzen zuten adingabeei hainbat litro alkohol kendu zizkieten.
Zehaztu dutenez, IkeaBarri plazan 300 gazte inguru bildu ziren alkohola kontsumitzeko, baina bizilagun batek Udaltzaingora deitu zuen, semearen eta haren lagun baten arteko elkarrizketa batean horren berri izan ondoren, beraz, agenteek inguruan jarduteko abisua eman zuten.
Jarduketa horren ondorioz, zenbait litro alkohol konfiskatu zituzten eta lau salaketa jarri zizkieten gazteei gizalegearen aurkako jarrerengatik, hiri-altzariak behar bezala ez erabiltzeagatik eta poliziei errieta egiteagatik. Gainera, agenteek objektu pertsonalak miatu zizkieten gazte susmagarriei, eta mehatxuen bidez lapurtzeko erabili ohi den arma zuri bat aurkitu zieten.
3.000 eurorainoko isunak
Horretaz gain, udal-iturriek gogoratu dute aurreko hilabetean Leioako udaltzainek herriko saltoki biri espedienteak ireki zizkietela 1.000 euroko isunakaz, eta horietako batean isuna bikoitza izan zela, salmenta bi izan zirelako; era berean, ohartarazi zieten multak 3.000 eurora ere irits zitezkeela halakoak errepikatuz gero.
Lehen zigorra Amaia etorbideko saltoki batean egindako salmenta batek eragin zuen, eta, beraz, saltzaileak 1.000 euro ordaindu beharko ditu. Zigortutako bigarren establezimendua Sabino Arana kalean dago, eta adingabeei alkoholaren salmenta bi egiteagatik jarri zigortu zuten. Horregatik, bai establezimenduaren jabeari bai saltzaileari salaketa bikoitza jarri zitzaizkien, 2.000 eurokoa bakoitzarentzat. Horrelako jarduerak hutsegite larritzat hartzen ditu legediak, 600 eurotik 10.000 eurora bitarteko isunakaz, eta establezimendua aldi baterako ixtea ere ekar dezake.
Halaber, Leioako Udalak ohartarazi du Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dispositibo hori mantenduko dutela adingabeen artean horrelako geldialdiak saihesteko, eta datozen egunetan indartu ere egingo dituztela.