Karrikan plataformaren aurtengo edizioaren helburua da konpainia, talde eta artista berrien edota profesional bihurtzeko bidean daudenen sorkuntza originalei laguntzea. Eremu publikoan jarduten duten Euskal Herriko artistei zuzenduta dagoela zehaztu dute antolatzaileek. Batez ere “kaleko ikuskizuna” kontzeptuari balioa ematen dion ekimena izan arren, bestelako arte eszenikoen diziplinak ere onartuko dituztela azaldu dute: antzerkia, dantza, zirkua, diziplina anitzeko ikuskizunak, etab. Hala ere, nabarmendu dute lehentasuna izango dutela testurik ez duten edo euskaraz egin diren ikuskizunek, edo formatu txikiko edo ertainekoek. Egitasmoaren inguruko informazio guztia Karrikan plataformaren webgunean aurkitu daiteke.
Proiektuei bultzada
Deialdi honetan zehaztu dutenez, Karrikan plataformako bazkideek aukeratzen duten proiektua bere sorkuntza-prozesuan zehar bultzatzeko konpromisoa hartuko dute; hau da, sorkuntzarako laguntza ekonomikoa emanez, sorkuntzarako egoitzak eskainiz, arte, teknika eta administrazio laguntza emanez, konpainiaren beharren arabera.
Gainera, aukeratzen duten proiektua hainbat ekitalditan programatuko dute, 2023an zehar: Leioako Umore Azokan, Bilboko Kalealdian, Gasteizko KaldeArten, Hendaiako Mai du théâtre jaialdian eta Antsoaingo udako programazioan.
2022ko deialdi horregaz bat egin dute, bazkide laguntzaile gisa, Iurretako eta Arrigorriagako udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Dantzaguneak ere. Baliabideen gune horren helburua da dantza-ekimenak sustatzea eta dantzaren arloan lan egiten duten pertsonei laguntza ematea.
Aurreko deialdietan aukeratutakoak
Karrikan-en aurreko edizioan honako proiektu hauek aukeratu zituzten: Edén, Arriera bilbotar konpainiarena, objektuen antzerkia, musika, dantza eta plastika uztartzen zituena, eta Mikra Berdinki gipuzkoarrena, zirkuko teknikak, monozikloa, oihalak eta akrobazia, kantuagaz eta ahotsagaz bateratzen zituen ikuskizuna. 17 proposamenen artean aukeratu zituzten, eta euren originaltasuna, gaia, proposamenak egin zituzten taldeak eta bakoitzaren bideragarritasuna hartu zituzten kontuan balorazioa egiterakoan.
Karrikan-ek hautatutako beste konpainia batzuk hauek izan dira: Eva Guerrero konpainia (El fin de las cosas), Amaia Elizaran (Block), Mystérieuses Coiffures konpainia (La leyenda del hombre pájaro) eta Eflirkoa Collectif (Echo).