Umorea eta kaleko arteak izango dira nagusi hurrengo hilabeteetako Leioako kultur egitarauan

Erredakzioa 2022ko mar. 24a, 12:39
Orpheo abesbatzaren "Goxokiak" ikuskizunagaz abiatuko da Leioako apirileko kultur egitaraua. © ORPHEO GANBERA ABESBATZA

Kultur Leioa motorrak berotzen hasi da Umore Azoka 2022ra begira; baina horren aurretik, apiriletik ekainera bitartean antzerkia eta umorea ardatz izango dituen programazioa aurkeztu dute. Gainera, uztailean Leioako auzoetara kultura eramango duen programazioa ere prest dago.

Apirilari hasiera emateko, Orpheo abesbatza leioaztarrak bere 20 urteko ibilbideko ereserkirik nabarmenenak errepasatuko ditu apirilaren 2an. Txikienek ere proposamen bereziak izango dituzte beraientzako, eta, besteak beste, Glu Gluren Perez Sagutxoa ipuin klasikoaren moldaketa ikusteko aukera izango dute apirilaren 4an, komediari lehentasuna ematen dion dantza eta abesti ikuskizunean. La cazadora de mitos antzezlana apirilaren 8an helduko da Kultur Leioara, ia estreinaldi gisa eta antzerkia, zinema, musika eta animazioa uztartuko ditu.

Kultur Leioako programatzaileek azpimarratu dutenez, denboraldi honetan komediak oso presente egongo dira egitarauan: batetik, lehendakari berri baten eta bere psikiatraren istorio dibertigarria ekarriko du Txalo Produkzioak El candidato obragaz, apirilaren 29an; psikiatrak tik urduri bat gainditzen lagunduko dio Lehendakari bereziari, ikusleen artean ezagunak diren bi aurpegigaz: Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga. Bestetik, Yllana konpainiak, bere aldetik, antzerki konpainiei eta munduan zehar izan dituzten abentura dibertigarriei omenaldi polita egingo die Passport lanagaz, maiatzaren 6an. Ondoren, El dilema del jamón, umorea eta ironiaz betetakoa, Gurutze Beitia eta Txemi Parra berriz ere taularatuko dituen lana egongo da ekainaren 17an.

Musika ere ez da faltako hastear dagoen denboraldi honetan, izan ere, ekainaren 3an Gisele Jacksonek house eta dance musikarik onena ekarriko ditu Leioara.

Umore Azoka

Leioako Umore Azoka kaleetara itzuliko da maiatzaren 19, 20, 21 eta 22an. Herriko eta kaleko arteen sektorerako hitzordu garrantzitsuenaren XXII. edizioak 40 konpainia aurkeztuko ditu, eta kaleko arteen ospakizun handia izango da, beste behin.

Parte hartuko duten 40 konpainia horietatik 19 Euskal Herrikoak dira, 15 Estatukoak – Madril, Katalunia, Balear Uharteak, Galizia, Andaluzia, Gaztela-Mantxa eta abar – eta bost nazioartekoak -Txile, Italia, Japonia, Portugal eta Frantziatik etorriak-. Gainera, ohikoa den bezala, jarduera paraleloak ere antolatuko dituzte, hala nola hitzaldiak, jardunaldiak, liburuen aurkezpenak, Umore Meeting-ak edo negozio-bilera azkarrak; Leioa Kaleko Arteen gune bihurtuko dute, ez bakarrik EAE mailan, baita Estatu osoko mailan ere.

Kultura kalera aterako da

Leioako Txorierri, Pinueta, Lamiako eta San Bartolome auzoetan kaleko lan eszeniko bi jarriko dituzte ikusgai uztaileko lehen asteburuan: Zirko Txoskoren Oh-Pera eta Hugo Miroren Juegas, uztaileko lehen aste-akabuan Umore Azokaren esentzia gogoraraziko dituztenak.

Uztaileko aste-akabuetan ere zinea kalera aterako dute, Aldapa Auditorioan, hileko bariku guztietan 22:15ean.

Margolari Lehiaketa

Maiatzaren 8an pintura-zaleek hitzordua izango dute Leioan. Jardunaldi berezi horretan Leioako edozein ikuspegi islatu ahal izango dute eta sari mamitsuak egongo dira eskuragarri. 12 urtetik gorako pertsona orok parte hartu ahal izango du lehiaketa horretan, eta hiru sari nagusi (1.300, 1.100 edo 800 euro gehi pintura-paleta bat), gaztetxoentzako Gaztea saria (800 euro), tokiko lanik onena (500 €) edo harrobia saria (120 euro) eskuratzeko aukera egongo da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun