Leioako Berbodromoa bueltan da bi urtez etenda egon ostean. Hurrengo martitzenean, martxoaren 30ean, hizkuntzaren erabilera indartzeko eta sendotzeko ekimena egingo dute Leioako Sakoneta kiroldegian. Bertan, euskaraz berba egiteko ordu beteko hiru saio egingo dituzte, hizkuntza ikasten ari direnak, jakin arren asko erabiltzen ez dutenak eta euskaraz egiteko ohitura dutenak elkarregaz harremanetan jartzeko, eta, azken batean, euskara kalera atera eta erabilera indartzeko.
Lau pertsonako taldetan elkartuko dira parte hartzaileak, eta kafea hartzen duten bitartean hainbat gairi buruz berba egingo dute tarte atsegin bat pasatzeko. Taldeak aldatzen joango dira, euskara dakiten pertsonak ikasten ari direnakaz tartekatzen joateko.
Hiru saio egingo dituzte, 10:30ean, 17:00etan eta 19:00etan. Antolatzaileek jarritako baldintza bakarrak izango dira euskara jakitea edo ikasten aritzea eta 16 urte baino gehiago izatea. Horretaz gain, bertaratzeko izena eman beharko da: 688 850 129 telefonora deituz edo whatsapp bidez mezu bat bidaliz edo berbaldun.leioa@gmail.com helbide elektronikora idatziz.