Leioako Udaltzaingoak hainbat salaketa jarri ditu aste-akabu honetan egindako prebentzio-kontroletan

Erredakzioa 2022ko mar. 29a, 12:54

Leioako Udaltzaingoak aste-akabuan egindako zaintza-dispositibo berezian subfusil baten erreprodukzio bat atzeman du. © LEIOAKO UDALA

Leioako agenteek duela zenbait aste ezarritako zaintza-dispositibo bereziagaz jarraitzen dute, besteak beste, ondarearen aurkako delituak ekiditeko helburuagaz. Lan horren ondorioz, aurreko aste-akabuan hainbat salaketa jarri zituzten ausarkeriaz gidatzeagatik, drogak hartzeagatik edo debekatutako armak eramateagatik.

Leioako udal-iturriek jakitera eman dutenez, aurreko bariku gauean, martxoaren 25ean, Udaltzaingoaren  patruila batek Santa Ana etorbidetik zihoan ibilgailu susmagarri bat geldiarazi zuen. Agenteek ibilgailuko lau bidaiariak identifikatu zituzten eta aurrekari eta kausa ugari zituztela egiaztatu ondoren, maletategian zeramaten mazo handi bat konfiskatu zieten.

Bestalde, domeka goizaldean, martxoaren 27an, Langileria kaletik zihoan patruila batek trafikoko hainbat arau-hauste egiten ari zen ibilgailu bat harrapatu zuen. Gidaria identifikatu ondoren, estupefazienteen proban positibo eman zuela jakinarazi dute. Gainera, ibilgailuaren miaketan, agenteek debekatutako materiala aurkitu zioten, hala nola taser bat, defentsa-espraia, hainbat labana, MP5 subfusil baten erreprodukzio bat eta txartel itxurako zazpi laban. Horren ondorioz, gidaria salatu zuten, ausarkeriaz eta drogen eraginpean gidatzeagatik eta debekatutako objektuak eta armak eramateagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun