Hauek dira Udalak proposatutako proiektuak:
- Konexio mekanikoa, pasabidearen eta igogailuaren bitartez:
2020an, Artatza auzoan Bizkaibuseko geralekua eta eremu komertziala Basaez kalearen goiko aldeagaz lotzeko jarri zen igogailuaren diseinu oso antzekoa erabilita, Udalak beste igogailu bat jartzeko proiektua dauka; Artatzaganaren beheko aldea goiko aldeagaz lotuko luke, eta ia 11 metroko altuera gaindituko luke. Hala, errekatik hurbil dauden atarietako bizilagunentzako oinezkoen sarbidea hobetu gura dute, bai eta San Bartolomeranzko bidea ere, egurrezko pasabidearen bitartez.
2. Oinezkoen sarbidea egokitzea Larrakoetxe alderantz:
Artatzagane auzoaren ondoan egin diren etxebizitza-garapen berrietako (Larrakoetxe sektorea izenez ezaguna) auzotarren sarbidea hobetzeko helburuagaz,Udalaren asmoa da oinezkoentzako lotura bat jartzea, dagoen espaloiari jarraipena emateko; hartara, bizilagunek lotura zuzenagoa izango dute gaur egun auzoko zerbitzuetara (dendak, farmazia, ostalaritza...).
3. Parkera sartzeko pasabide bat jartzea:
Larrakoetxe sektorea garatzeari esker, Artatzagana eta San Bartolome auzoen arteko oinezkoentzako, bizikletentzako eta ibilgailuentzako loturak hobetu dituzte. Horretaz gain, beste parke bat sortu dute ibaiaren ondoan, eta, orain, horra Artatzaganatik sartzeko bidea hobetu gura du Udalak. Horretarako, proposatu dute oinezkoen pasabide bat eraikitzea, zuzenean lotuko dituena parkeko bidexka eta auzoaren beheko aldea; hala, Artatzaganako auzotarrek ere gune berde horretan –nahiz etorkizunean egin daitekeen handitzean– ibiltzeko eta gozatzeko aukera izango dute.
4. Errepide nagusiko bihurgunea egokitzea:
St. George ikastetxetik Artatzaganara igotzeko kalea asko hobetu zuten Leioandi izenagaz ezagutzen den eremuan urbanizazio-lanak egin ondoren. Orain, hobekuntza biribildu gura du Udalakda, azken 100 metroetan, Bizkaibusen geltokira iritsi arte. Hala, bidearen trazadura zuzentzeaz gainera, espaloiak berritu gura dituzte, bai eta bidegorriari jarraipena eman eta lur gaineko aparkalekuen beste gune bat jarri ere.