Maiatzaren 19tik 22ra

40 konpainia eta 90 ikuskizun dakartza aurtengo Leioako Umore Azokak

Erredakzioa 2022ko api. 11a, 11:44
Iazko Umore Azoka irailean egin zen pandemiaren eraginez. © LEIOAKO UDALA

Umore azokak ohiko datak berreskuratzeaz gain, programazio indartuagaz bueltatuko da Leioara, herriko kale eta plaza guztiak bereganatzeko itxaropenagaz. Dantza, zirkua, pailazoak, instalazioak eta mota guzietako musika-ikuskizunak ekarriko ditu lau egunez Leioako XXII. Umore Azokak

Umore Azoka ohiko datetara bueltatuko da aurten; pandemiaren eraginez, data-aldaketak eta ziurgabetasuna izan dira nagusi azken urte bietan, baina aurtengo ekimena indarberrituta datorrela azpimarratu dute arduradunek. XXII. edizioa maiatzaren 19tik 22ra egingo dute, programazioa indartu bategaz.

Umore Azokari esker kalea sormenerako gune izan daitekeela ulertu, eta kalean aritzearen aldeko apustua egiten duten konpainien erakusleiho bihurtu da Leioako Umore Azoka. Gainera, gero eta gehiago dira beren lanak lehen aldiz erakusteko azoka hori aukeratzen duten estatuko eta nazioarteko konpainiak. Aurten, guztira, Umore Azokan parte hartzeko 550 eskaera jaso dituzte antolatzaileek ( % 15 Euskal Herrikoak, % 55 Estatukoak eta % 30 nazioartekoak). Zifra horiek pandemia aurreko edizioetan jasotakoak dakarzkigute burura, eta, agian, horiek baino hobeagoak ere izan daitezkeela iragarri dute.

Guztira, 40 konpainia hurbilduko dira aurten Leioara, eta 90 ikuskizun emango dituzte udalerriko kale eta plazetan. Horrez gain, programak askotariko diziplinak eskainiko dituela azpimarratu dute antolatzaileek, besteak beste, dantza, zirkua, pailazoak, instalazioak eta mota guztietako musika-emanaldiak. Lau egunetan, ikuskizunik onenez gozatzeko aukera izango dela azpimarratu dute.

Euskal Herriko 19 konpainia

Ikuskizunak askotarikoak izango dira, eta horren erakusgarri da Euskal Herriko 19 konpainiak parte hartuko dutela: Dantzaz, Deabru Beltzak, Hika Antzerki Taldea, Trakamatraka, Harrobia Dantza; Eva Guerrero konpainia, Zanguango Antzerki Taldea, Markeliñe Antzerki Taldea, Jokai, Ertza Sorkuntza, Orain-Bi, Barsanti konpainia, Maitane Sarrale, La Trapecionista konpainia, La Pez, Demode Produkzioak, Rouge Elea, Erre Produkzioak & Arteka & Markarada eta Jon Zabal.

Gainerako konpainiei dagokienez, 16 etorriko dira Estatutik (Andaluziatik, Aragoitik, Gaztela-Mantxatik, Kataluniatik, Galiziatik, Madriletik, Gaztela eta Leoitik, Valentziatik eta Balear Uharteetatik), Estatu mailako ekoizpen garrantzitsuenen espektro zabalaren erakusgarri. Bestalde, nazioarteko bost konpainia ere izango dira Leioan, honako herrialde hauetakoak: Italia, Portugal, Frantzia, Txile eta Japonia.

Ikuskizun horiek guztiek, bai eta aurreikusitako jarduera guztiek ere (hala nola, hitzaldiek, jardunaldiek, liburu-aurkezpenek, “Umore Meetings” delakoek eta negozio-bilera azkarrek), kaleko arteen erdigune bihurtuko dute Leioa, eta barreak eta bizitza itzuliko dituzte herriko kaleetara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun