Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez, Handia izeneko polizia-operatiboa apirilaren 7an gauzatu zuten Ertzaintzako agenteek. Azaldu dute pertsona susmagarria Leioa atxilotu zutela, bizi den etxeko garaje komunitarioan dagoen trasteleku batetik irteten ari zenean, atxilotuari marihuana kukuluak zituen poltsa garden batzuk ikusi ondoren.
Gerora, epailearen agindua hartuta, atxilotuaren ibilgailu biak, etxebizitza eta trastelekua miatu zuten agenteek. Guztira 50 marihuana-kukulu aurkitu zituzten tamaina ezberdinetako poltsetan ontziratuta, baita 150 gramo kokaina-harri, hutsean biltegiratzeko makina bat eta poltsak, kokaina manipulatzeko prentsa bat, baskula bat eta beste substantzia estupefaziente batzuk ere, hala nola kristala eta haxixa, kopuru txikitan. Horrez gainera, 5.000 euro ere atzeman zizkioten 50, 20 eta 10 euroko billetean. Zehaztu dutenez, droga guztiak 100.000 euro inguruko balioa izango luke merkatuan.
Ibilgailuetako batean zulo txiki bat ere aurkitu zuten soinu-ekipamenduaren atzean, dirudienez, dirua eta droga ezkutuan eramateko erabiltzen zuena.
Atxilotuak nazionalitate ezberdinetako nortasun-agiri faltsu batzuk ere bazituen polizia-patruilen aurrean identifikatzeko.
Polizia-eginbideak amaitutakoan atxilotua, Zaragozako eta Nafarroako epaitegien errekisitoria judizialak indarrean zituena, Getxoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zuten eta epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen.