Leioako Umore Azokaren XXII. edizioa maiatzaren 19tik 22ra bitartean izango da aurten, ohiko datetan, pandemiak bi urtetan aldaketak eragin ondoren. Leioako Udaleko Kultura Arloak antolatzen duen jaialdiak, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izango du aurten ere, eta horri esker, kaleko arte eszenikoen alorrean espainiar Estatuko erreferentziazkoa den kaleko artisten azoka indarberrituta dator, diziplina guztiak hartuko dituen programa bati esker.
Azokak bere xedeagaz irmo jarraituko du aurten eta kaleko arteen garapen industriala sustatuko du beste behin; horretarako, Euskal Herriko konpainia nagusienek euren ikuskizunak aurkeztu ahal izateko gune bat eskainiko du, eta arte eszenikoetako azken joeren erakusleiho bilakatuko da, programatzaile, banatzaile, sektoreko profesional eta, oro har, publikoarentzat.
550 proposamenen artean hautaketa-lan handia egin ondoren, aurten, 40 konpainiaren –19 Euskal Herrikoak, 16 estatukoak eta bost nazioartekoak– 90 ikuskizun programatu dituzte azkenean, eta Leioako auzoetako 18 gunetan arituko dira. Ikuskizun guztien programazio guztia ikusgai dago Umore Azokaren webgunean.
Dantza
Edizio honetan, dantzak zeresan handia izango duela argitu dute aurkezpenean. Dantzaz konpainiak Leioako kale, plaza eta tabernetan Dantzapote ikuskizuna eskainiko du, eta dantza garaikideko bost dantzari jende tartean ibiliko dira. Hika Teatroak Gazte aurkeztuko du, gazteakaz egindako ikuskizuna, eta horretan dantza tradizionaletik abiatu eta dantza garaikidera eta hip-hopera iritsiko dira.
Eva Guerrero ere izango da eta LOF Ladies on Fight ikuskizunagaz; dantza tragikomikoa, emakumezkoen borroka librearen formatuan egina. Ertza konpainiak Otempodiz aurkeztuko du; Maputoko bi dantzarik Asier Zabaletak zuzendutako pieza bat interpretatuko dute, denboraren kontzeptuari buruzkoa.
Maitane Sarralde ere izango da; Desanuda lana aurkeztuko du, diziplina arteko pieza bat, grabitaterik gabeko gorputzari eta korporalitate askori buruzkoa. Valentziako Maduixa konpainiak, bestalde, Migrare eskainiko du, lau emakume migratzaileren errealitatea agertokira daraman dantza. Bestalde, Nova Galega de Danza taldeak Credo aurkeztuko du; dantza ibiltari horretan, sei dantzarik intentsitate handiko lan fisikoa egiten dute. Galiziatik dator Vértigo proposamena ere, Pistastro & Duelirium taldearena; dantza bertikala da eta izenburuak dena esaten du.
Dantza bertikala ekarriko du Harria herria ikuskizunak ere; Harrobi Dantza Bertikala-Dimegaz konpainiaren lan hau kaleko ikuskizunik onenaren Max sarirako izendatu zuten. Lau emakume dira protagonistak eta eskalatu eta dantzan egiten dute, Oreka Tx-en txalaparta lagun dutela.
Eta dantza, antzerkia eta akrobazia daude Kataluniako Elelei bikotearen A ciegas ikuskizunean, oroitzapenen eta erabakiak hartzearen arteko istorio bat.
Zirkua
Zirkuaren atalean, Orain-Bi konpainiak Mute aurkeztuko du, mutazioari buruzko zirku-antzerki ikuskizuna; Trapecionista Kia-k, bestalde, Artxipielago aurkeztuko du, bakarkako bidaia honetan, esekita egoteko uneak eta aireko dantza ikusi ahalko dira. La Pez konpainiak Rotonda circus ikuskizuna eskainiko du, eta oraingoan ere lengoaiak, publikoarekiko gertutasuna eta bat-batekotasuna fusionatuko ditu.
La rueda ikusteko aukera ere egongo da, bai eta Kanbahiota-ren (Madril) zirkua eta Valentziatik datozen zenbait proposamen ere: Rec.On (strucción)-en akrobazia umoristikoak, Bootproject / Lucas Ruiz Producciónes-en eskutik; Todo el tiempo, Pla D’Annunzio-rena; Sabates al aire, maitasunari buruzko zirku-metafora, 2 Som 2 Coop. V.-rena, eta Confort, CircoG-rena, akrobaziak, umorea eta antzerki fisikoagaz.
Eta zirkuaren munduagaz jarraitzeko, Gaztela-Mantxako Círculum konpainiak Ni no, ni nana ekarriko du Leioara; horretan, dantzari batek eta musikari batek izar bihurtuko dituen ikuskizun bategaz egiten dute amets. Bestalde, Truca Circus andaluziarrek ¡Sopla! lanean diabolo dantzariak, soken baso bat, bizikleten duelu bat, oinak eta eskuak dituen helikoptero bat eta erritmo handiko pilotak ekarriko dituzte, besteak beste.
Bestalde, Kataluniako Les Spectacles del 23 konpainiak El hito lanean magia, akrobazia, oreka, trapezio eta umore-arloko ikuskizunik onenetako batzuk eskainiko ditu. Gaztela eta Leongo Irk About It zirkua ere egongo da, Loop ikuskizunaragaz; hartan, denboran harrapatuta geratzen zarenean nola aurrera egin hausnartzen da. Eta Italiako eta Txileko Michele & Francisca, Signos ikuskizunagaz; Eskuz esku diziplinaren bidez garatzen da eta bi pertsona eta irin kopuru handia izango dira unibertso paregabearen eta poetikoaren jatorri. Italiatik dator, halaber, Ecentrici Dadaró eta Incomica aurkeztuko du. Ikuskizun barregarriak eta trikimailu harrigarriak ekarriko ditu.
Azkenik, Portugalgo Coração nas Mãosek Rizoma emankizuna ekarriko du; abentura surrealista bat, irudimenaren eta ikusizko poesiaren bidez.
Matraka konpainiaren Matraka culinary center ere izango da, non, chef rockzale batek menu-kontzertu dibertigarri bat eskainiko duen. Demode Quartet sobre ruedas ikuskizuna ere musikala da, a capella diharduen laukote animatu baten eskutik.
Bestalde, Rouge Eléak Hemen gaude dena ondo! aurkeztuko du, Hartan, hiru nerabe imajinatzen ari dira noraezean dabilen izotz-banku batean dauden azken hartz zuriak direla. Eta zirkuaz, dantzaz eta txotxongiloez hornitzen da Murmullo emankizuna, Andaluziako La Víspera konpainiarena; lan horretan, ikuslea antzezlanen, eszena eratzen duten elementuen eta publikoaren arteko arte-elkarrizketa batean murgiltzera gonbidatuko dute.
Gainera, Frantziako Das Arnak konpainiak Bakana emankizunean masta baten goiko aldean burutik esekita dauden hiru emakume jarriko ditu.
Proposamen abangoardistak
Arabako Zanguango Teatro konpainia paregabea Leioara bertaratuko da, proposamen abangoardista bategaz. Proposamena honetan datza: paseo bat, 50 laguneko talde bategaz; pertsona horiek liluratuta geratuko dira ibilaldian ikusten duten guztiagaz. "Batera egingo dute abentura hori; haren bidez, begirada berriro kokatu eta egunerokoa berrasmatu eta errealitate berria eraiki nahi da”.
Barsanti konpainia Pako Revueltas-ek zuzentzen du; Akabo emankizunean antzerki sozialaren eta kritikoaren alde egiten du, umorearen bidez. Komedia dardaratsua eta intentsua da; bizitzari aurre egin ezin izanaren eta irtenbide drastikoa eta behin betikoa bilatzearen ideia dakarrena.
Ildo sozial berean, Valentziako Visitants konpainiak Maletas de tierra emankizunean II. Errepublikatik gerraostera arteko narrazio historikoa ekarriko du; bost emakume izango dira horren protagonistak.
Eta Umore Azokan, Dive/Journey ere ikusi ahalko da, To R Mansion Japoniako talde berritzaileenetako baten komedia. Marx anaien antzera, baina manga-erritmoaragaz, ikuskizunak pantomima, akrobaziak, antzerkia, dantza, magia, manipulazioa eta abar nahasten dituena.
Testurik gabeko antzerkiaz osatzen da Erre Produkzioen El parque de los hermanos Grimm; parke bat garbitzen ari diren kale-garbitzaile bi dira protagonista, eta bertan daude Grimmen pertsonaiak. Halaber, Markeliñeren Psike emankizunaren hasieran ere, eszenatokian buru handi bat ageri da; pertsonaia batek hartan sartzea erabakitzen du. Eta La Mecánicaren (Balearrak) Water Falls ikuskizunean dozenaka kuboz inguratuta dagoen artista harro bat ageri da, grabitatearen aurka borrokan.
Deabru Beltzak konpainiaren antzerki piroteknikoa ere izango da. Symfeuny aurkeztuko du, hiru ardatz bereizgarrietan oinarrituta: simetria, desplazamendua eta sua.
Azkenik, mentalismoarentzako lekua ere egongo da, Jon Zabalen eskutik, eta jolaserako lekua ere bai, Jokairen eskutik; azken hori Euskal Herriko mitologian oinarritzen diren zurezko jolasakaz etorriko da. Profesionalentzako jarduerak 2022ko Umore Azokak, jarduketez gainera, jarduera paraleloen multzo handi bat ekarriko du; jarduera horiek, nagusiki, profesionalei zuzenduko zaizkie.
Plazaratu saioan, kaleko arte-proiektuak erakutsiko zaizkie programatzaileei, eta Sorburu jardueran, lau konpainiak haien sormenen hazia erakutsiko dute, hurrengo denboraldian ikusiko denaren aurrerapen bat.
Aurkezpenen artean, honako hauenak nabarmendu dituzte antolatzaileek: Karrikan plataforma, Euskal Herrian sortzen ari diren kaleko konpainien ikuskizunak sortzea eta zabaltzea sustatu gura duena, eta Umore Azokan parte hartzen duten nazioarteko jaialdiak.
Gainera, Mendibile jauregian harrera ofiziala egingo dute, eta 2019ko Umore Azokako sariak eta 2022ko Umore Azokako sari berezia banatuko dituzte. Umoremeetingak eta Vermut Meetingak ere izango dira; haietan, programatzaileak, konpainiak eta gainerako akreditatuak harremanetan egongo dituzte. Azkenik, Sarean eta EZE elkarteek Leioan egingo dituzte batzar orokorrak.