Ekologistak Martxan Bizkaia taldeak Leioako Lamiakoko hezegunea berreskuratzeko proiektu baten beharra azaldu du, Nerbioi-Ibaizabal itsasadarrean geratzen den azken padura baita. Zentzu horretan, erakunde publikoei exijitu diete Euskadiko Hezeguneen Lurralde Plan Sektoriala eta Leioako Udalak agindutako paisaia-azterlanean azaldutakoa eta adostutakoa betetzeko.
Bestalde, adierazi dute ados daudela Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Bilboko, Erandioko, Leioako eta Getxoko alkateek iragarritako itsasadarreko bulebarraren proiektuagaz: "Pasealekua eraikitzeagaz oinezkoen mugikortasuna bultzatuko litzateke, eta bidegorriak eskualdean bizikletaren erabilera sustatuko luke".
Horregaz batera, erakunde ekologistak Erandio eta Areeta artean dagoen BI-711 errepidearen zatian, Lamiakoko hezegunearen ondoan, padura leheneratzeko proiektu bat eskatu dute; "desagertzeko arrisku larrian dagoen ekosistema" dela ohartarazi dute. Aldundiak egungo errepidea kendu eta bidegorriaren eta pasealekuaren jarraipen bihurtu gura du tarte hori.
Ildo horretan, Ekologistak Martxan taldeak Lamiakoko padura leheneratzeko proposatu duen egitasmoaren arabera, beharrezkotzat jo dute errepidea kentzea, espezie inbaditzaileak desagerraraztea eta lurzoruaren kota bajatzea, horrela, mareen dinamika berreskuratuko litzakeelako. Ekologisten ustez, "erakundeen borondateagaz proiektu biak bateragarriak dira eta elkarregaz egin daitezke".
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!