Gizon bat atxilotu dute Leioako udaltzain bati eraso egiteagatik

Erredakzioa 2022ko mai. 17a, 13:00

Leioako Udaltzaingoko agenteak ohiko kontrol bat egiten. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu zuen aurreko zapatuan, Iparragirre etorbidean, agente bat kolpatzeagatik. Gizona identifikazio barik zegoen eta, gainera, estupefazientea izan zitekeen substantzia zuri batez betetako bi pakete zeramatzan, beraz, osasun publikoaren aurkako balizko delitua ere egotzi zioten.

Leioako udal-iturriek jakitera eman dutenez, aurreko zapatuan, maiatzaren 14an, Leioako Udaltzaingoaren oinezko zaintzaldi batean, agenteek gizon bat ikusi zuten patinete elektriko bategaz udalerriko hainbat kaletan abiadura handian zirkulatzen, gelditzeko aginduei jaramonik egin gabe. Agenteek Iparragirre kalean geldiaraztea lortu zuten, eta gizonaren jarrerak estupefazienteen eraginpean egon zitekeela pentsarazi zien. Hori dela eta, identifikatu eta miatu zuten.

Soinean zeraman poltsaren miaketan, substantzia susmagarria zuten 300 gramoko bi pakete aurkitu zizkioten. Identifikatu eta atxilotu zutenean, gizonak aurre egin zien agenteei, eta haietako bat eraso zuen.

Horregatik guztiagatik, Leioako Udaltzaingoak gizona atxilotu zuen, agintaritzari jarkitzeagatik eta material estupefazientea edukitzeagatik salatua, bere eskubideen berri eman zioten, eta, ondoren, epailearen esku utzi zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun