Leioaztarrei sexu-indarkeriaren aurkako eragile moreak izateko deia egin die Udalak

Ander Zarraga 2022ko eka. 2a, 13:11

Hilaren 15ean egingo dute informazio-saioa, Kultur Leioan. © LEIOAKO UDALA

San Joan jaiei begira, Leioako Udalak hainbat ekintza ari da antolatzen eraso matxisten aurkako prebentzioa eta arreta hobetzeko asmoagaz. Horietako bat eragile moreak izeneko figura sortzean datza; horren bidez, herritarrak indarkeria matxistaren aurkako figura aktibo garrantzitsuak bihurtu gura dituzte.

Leioan sexu-indarkeriari aurre egiteko herritarren inplikazioa bilatu gura du Udalak uda honetako jaietan. Gizartearen kontzientzia areagotu gura dute alor horretan, eta, horretarako, besteak beste, ekainaren 15ean, eguaztenean, prestakuntza-saio bat egingo dute eragile moreak izeneko figuren egitekoa azaltzeko. Tabernariek, jaietako kuadrillek, talde feministek, jai-elkarteek eta txosna batzordetako kideek parte hartuko dute sexu-erasoen eta eraso matxisten aurreko erantzuna hobetzeko eta koordinatzeko jarduera horretan.

Saioa arratsaldean izango da, 18:30etik 20:30era, Kultur Leioako osoko bilkura aretoan. Bertan, Udalak herritarrak eragile more gisa parte hartzera animatuko ditu, sexu-indarkeriaren aurkako eragile aktiboak bihur daitezen. Edukiera-kontuak eta bertaratzen diren guztien beharrak kontuan hartu ahal izateko, komenigarritzat jo dute aldez aurretik izena ematea; horretarako, leioaberdintasuna@gmail.com posta elektronikoaren bidez harremanetan jartzeko eskatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun