Hirusta Trio: "Kontatzeko asko dugun hiru emakume gara"

Hodei Torres · Ander Zarraga 2022ko eka. 3a, 12:54

Ahotsak, pianoak, poesiak eta ikus-entzunezko edukiek osatzen dute Hirusta Triok sortu duen Matrioshka baten geografia soinuduna emanaldia. Musikaren eta lirikaren bitartez kontatzeko asko duten hiru emakumek osatzen dute taldea; beraien ikuskizunak publikoaren eta antzezlekuaren arabera moldatzen badituzte ere, beti dute ardatz berdina: emakumea.

Garbiñe Abendaño abeslari sopranoak, Margarita Lorenzo de Reizabal piano-jole eta ikus-entzunezkoen arduradunak eta Julene Zenikazelaia errezitatzaile eta gidoilariak osatzen dute Hirusta Trio. Diotenez, Leioako kontserbatorioan ezagutu zuten elkar, "eta momentu batean bururatu zitzaigun hiruron artean pianoaren musika, ahotsa eta testuak batzen zituen ikuskizun atsegin bat sortu nahi izan genuela", azaldu du Zenikazelaiak. 

Matrioshka baten geografia soinuduna ez da beraien lehen ikuskizuna, aurrekoan, Miren Agur Meaberen Amodiozko tintontziak ote gara? bertsoan oinarritutako amodioaren hainbat ikuspuntu jorratu baitzituzten, "beti ere, emakumea erdigunean jarrita".

"Kontatzeko asko dugun hiru emakume gara, uste baitugu emakumezkook hainbat ertz edo aurpegi ditugula, eta horiei guztiei musika jarri gura genien. Esaten da musikak ez daukala berezko zentzurik, baina horri poesia, testua eta irudiak gehitzen badizkiogu, orduan, bestelako balioa bereganatzen du; horren bitartez, Matrioshka panpina edo kipula bat bezala, emakumearen kapak azaleratzen ditugu, eta, gero, alderdi horietako bakoitza aztertzen dugu, puntu geografiko desberdin bat balitz bezala", azaldu du Lorenzo de Reizabalek. Musika baliatuta, maitasuna, jelosia, bidegabekeriak eta beste garai batzuetako emakumeen arazoei buruz berba egiten dute, besteak beste, zarzuelako edo operako bezalako abestiakaz. "Aukeratzen dugun musikak eta testuek igorri gura dugun mezuagaz zerikusia daukate", azpimarratu du piano-joleak.

Diotenez, ikuskizun horregaz beraien bizi-esperientzian oinarritutako hausnarketa ere azaleratu gura dute: "Emakumezkoak adin batera heltzen garenean, badirudi desagertu egiten garela, baina 60 urteren bueltan gaudenok, justu kontrakoa pentsatzen dugu, badauzkagulako esateko hainbat gauza. Gizarte honetan kontraesana da esperientzia gehien dutenek esateko gutxien izatea, eta are hori okerragoa da emakumeak izanda".

Ohiz kanpoko kontzertua

Eskaintzen duten ikuskizuna ez da ohiko kontzertuen modukoa, performancea eta multimedia ere tartekatzen dituztelako. Gainera, kutsu didaktikoa ere baduela azaldu dute, "eta gizartearen zenbait aspekturen inguruko hausnarketa ere bultzatu nahi dugu", gaineratu du Abendañok. Sopranoaren arabera, "askotan, estimuluz gainezka egoten gara eta mezuak ez ditugu barneratzen, beraz, musika eta lirikagaz guk mezu hori azpimarratzen dugu".

Matrioshka baten geografia soinuduna ikuskizuna oso moldagarria dela ere nabarmendu dute, publikoaren, dataren eta antzezlekuaren arabera aldatzen baitute, eta euskaraz zein gazteleraz egin dezaketela ere diote. "Horretaz gain, hautatzen dugun literatura ere moldatzen dugu, eta, adibidez, Gaztela eta Leonera bagoaz, Antonio Machado eta horrelako egileak aukeratzen ditugu. Bestalde, hirian eta landa-inguruan emakumearen problematika ez da beti berdina izan, beraz, horren arabera ere aldatzen ditugu aukeratzen ditugun abesti edo testuak".

Errepertorioari dagokionez, operako ariak, zarzuela eta hainbat motatako abestiak tartekatzen dituzte, baita jazz musika ere. "Saiatzen gara jendeak ezagutzen duen musika sartzen, publikoa hunkitzeko asmoagaz", dio sopranoak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun