Enpresa sustatzaileak eta Udalak azaldu dutenez, paisaiaren integrazioari buruzko azterlanetako irudiak omen dira, eta proiektuak izango duen inpaktua aurreikusi daiteke horietan. Azaldu dutenez, egitasmoak Kurkudi mendian izango duen eragina txikia izango da: "Paisaian aldaketa gutxi eragingo ditu eta ingurunean integratuta egongo da".
Gaineratu dutenez, proiektu horren bitartez, hamarkada bat baino gehiago erabili gabe eta kontserbazio-egoera txarrean zegoen komentuaren eraikina berreskuratzea eta kirol-instalazioak garatzea aurreikusi dute. azpimarratu dutenez, egitasmoak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen aldeko txostena du otsailetik.
Era berean, udal-iturriek azaldu dute proiektuaren sustatzailea prest agertu dela Udalari egin beharreko lagapena 5.400 metro koadrotik 15.400 metro koadrora hedatzeko; "horrela, berdegunea eta gune publikoa handitu ahal izango ditu, eta, horrela, lursailaren hegoaldean hariztiei eta beste espezie autoktono batzuei eskainitako eremuagaz jarraitu ahal izango da".
SOS Kurkudiren salaketa
Proiektuaren aurkako herri-mugimenduak hainbat salaketa egin ditu bai proiektuaren bai hori gauzatzeko prozeduraren aurka ere. Egindako azken adierazpenetan Leioako alkatearen jarrera salatu zuten, deitoratuz proiektuaren aldeko EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena otsailaren 9an jaso zuela, baina ez zuela publiko egin; "Alkateak informazio hori ezkutatu die Leioako herri osoari, eta ez soilik Kurkudiko lurzoru naturalaren aldeko manifestua sinatu zuten 7.000 pertsonei".
Halaber, proiektuaren aurka egiten jarraituko zutela berretsi eta, besteak beste, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera eta herritarren mobilizazioetara jotzea aurreikusten zutela azaldu zuten; beraien ustez, "Dominicas-AtuchaSL-Metropolitan hirukoari baino ez bailioke mesede egingo".