Ertzaintzak 49 urteko gizon bizkaitar bat atxilotu zuen uztailaren 19an Loiuko aireportuan, Leioako Ondiz inguruan 2015an eta 2017an bi sexu-eraso egin izana egotzita, horietako bat adingabe bati. Atxilotua Getxoko epaitegiaren esku utzi dute, fidantzarik gabeko behin-behineko espetxeratze aginduagaz.
Ertzaintzak aipatutako kasu horien egileak izan zitezkeen hainbat susmagarri zituen orain arte, baina orain arte ez zuten egilea identifikatzea lortu. Hala ere, monitorizazio- eta jarraipen-lanari esker, kasu horiek Erandioko ertzain-etxeko agenteek ekainaren 17an adingabe bati ukituak egitea egotzita atxilotu zuten gizon baten profilagaz bat zetorrela antzeman zuten. Alde batetik, orduan atxilotutako gizonak Ondizeko erasoen biktimen adierazpenei esker egindako erretratu robotagaz antzekotasun fisikoak zituela baieztatu zuten; bestetik, susmagarriak borondatez utzi zuen lagin biologikoak hartzen. Horiek aztertu ondoren, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoak egiaztatu zion unitate instruktoreari bat zetozela atxilotuaren profil genetikoa eta Ondizko erasoen biktimen arropetatik lortutako egilearen DNA laginak.
Atxilotuari buruzko zenbait ikerketa-egiaztapen egin ondoren, uztailaren 19an, martitzenean, susmagarria atxilotu eta Getxoko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiaren esku utzi zuten. Azken horrek atxilotua behin-behinean espetxeratzeko agindua eman zuen atzo, eguaztena, auto batean.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, eta atxilotuaren modus operandiagaz bat datozen beste eraso batzuk aztertzen ari da; izan ere, Pertsonen aurkako Delituen Atal Nagusiak ez du baztertzen biktima gehiago agertzea.