Jaiotzetik biriketako gaixotasun larria zuen gaztea zapatuan hil zen, uztailaren 30ean, 18 urte zituela. Jaioberria zenean, birika atresia motatako kardiopatia larria eta horri lotutako beste bost gaitz antzeman zizkioten.
Orduan egin zioten hil edo biziko ebakuntza arrakastatsuari esker bizirik atera zen Cabiñano, baina, hala ere, bere lehen urte eta erdia ospitalean eman behar izan zuen. Hiru urteko bizi-itxaropena eman zioten hasiera batean, baina azkenean, bizitzen jarraitzeko borrokari esker aurrera ateratzea lortu zuen.
Bostonen (AEB) ebakuntza egiteko proposatu zioten Cañibanoren familiari, baina horren prezioa 150.000 eurokoa zen. Horri heldu ahal izateko, diru-bilketa abiatu zuten senide eta lagunek, eta, horren ondorioz, umea eta bere borroka ezagunak egin ziren; behar zuen dirua eskuratuta, AEBtara joan zen bere bizi-kalitatea hobetzeko ebakuntza egitera.
Travelling Brothers musika-taldeak hurbiletik sentitu du gazte leioaztarraren heriotza, izan ere, Eneko taldekidearen semea eta beste kide batzuen familiakoa zen. "Hondatuta gaude minagatik eta tristuragatik. Pertsona bikaina zen, edonon maite zuten. Jaio zenetik borrokan aritu zen, eta borroka horri esker 18 urte zoragarriz disfrutatu ahal izan dugu", adierazi dute Facebooken egindako argitalpen batean.