Bosteko erakusketaren hogeita bosgarren edizioa, Habitar/Bizi izenekoa, aste honetan heldu da Kultur Leioara, Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubio artisten lanakaz. Amorebieta-Etxanoko, Arrigorriagako, Basauriko, Getxoko eta Leioako udalek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatzen duten erakusketa ibiltaria urriaren 24ra arte arte egongo da Leioan
Bosteko 2022 erakusketa ibiltariaren hirugarren geralekua Getxo izango da, non, urriaren 27tik azaroaren 17ra izango den. Amorebieta-Etxanok azaroaren 21etik abenduaren 12ra hartuko du erakusketa, eta Arrigorriagak, berriz, 2022ko abenduaren 15etik 2023ko urtarrilaren 8ra.
Pertsonok espazioa nola bizi dugun eta horretaz nola jabetzen garen ulertzeko beharretik sortu da Habitar/Bizi erakusketa. Hauek dira proiektuan parte hartu duten artistak: Izaskun Alonso Saratxaga (Bilbo, 1971), Mikel Garate Aracama (Azkoitia, 1969) eta Jorge Rubio Pinedo (Bilbo, 1972), EHUko Arte Ederretako fakultateko irakasleak. Erakusketak artista bakoitzaren lanetik hurbil dagoen begirada eskaintzen du, bilaketa plastikoa da, arkitektura bizi eta hautematetik sortutakoa.
Eremuaren eta giza praktiken arteko topaketatik sortutako esperientzia gisa ulertzen da bizitzea. Askotan, existentzia nolabait antolatzen eta definitzen duten guneak eraikitzeko tresna gisa aurkezten da arkitektura. Praktika artistikoek, bestalde, toki horien esanahia aldatzen duten eragile gisa funtziona dezakete, hortik esperientzia berriak sortzeko.
Izaskun Alonso Saratxagak hiru ikuspegitatik heltzen dio pinturari: mihisean gertatzen dena, errealitate birtualean sortzen dena eta hutsuneetan sortzen dena. Hiru jarrera horiek bere giza praktika definitzen dute, eta, ondorioz, esku hartutako, margotutako edo irudikatutako eremuak bere izateari uzten dio, eta paisaia bihurtzen da.
Mikel Garate Aracamak argazki-irudiak memorian uzten duen aztarnan oinarrituta lantzen ditu paisaiak. Leku eta garai desberdinak agertzen dira haietan gertatzen dena behatzen dutenen aurrean, onirikoaren eta oroimenaren arteko fenomenoa da.
Bere lanen bitartez, Jorge Rubio Pinedok ohartarazten digu beharrezkoa dela gizakien babeslekuak sortzea, hobetzeko habitatak, non pertsonek geure burua babestu eta hazi ahal izango dugun. Askotan, obraren eta obra behatzen duenaren arteko komunikazioa errazten duten narrazio-elementu ezaguterrazak erabiltzen ditu.
Horrela, bada, Bosteko erakusketak artearen eta gune arkitektonikoaren arteko bizikidetzatik sortzen diren hausnarketak jaso gura ditu, eta, horren emaitza gisa, praktika artistiko garaikidetik abiatuta bizitzeari buruzko askotariko imajinarioa sortzen da. Izaskun Alonso Saratxagak, Mikel Garate Aracamak eta Jorge Rubio Pinedok bizitzeari buruz planteatzen dituzten askotariko begiradek bat egiten dute erakusketa honetan, zeina arkitektura ikuspegi berrietatik ikusteko gonbidapena baita.