Hilero, Sorgina Txirulinak bariku arratsaldeetan Kultur Leioan emango dituen tailerren bigarren edizioa izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, iaz parte hartu zuten familiek oso positiboki baloratu zuten jarduera, eta, beraz, aurten jarraipena eman gura zaio programari, parte hartu duten familien iradokizun batzuei erantzunez.
Saio bakoitzean, umeek eta gurasoek, eguneroko gai bat landuko dute, gai horri buruzko oinarrizko hiztegia indartuz; bazkalordua, parkean jolastea, eskola, bainatzeko ordua, ohera joateko ordua. Saioaren bigarren zatian, berriz, Sorgina Txirulinak ipuin-kontalari lanak egingo ditu, helduak etxean eta tailerrean ikasitakoa praktikatzera animatzeko.
Hilabete bakoitzeko jolas eta saioez gain, familiek material didaktikoa eta jolasteko materiala jasoko dute, etxean ere euskara ikasten jarraitu ahal izateko. Tailer horiek, bai eta saio bakoitzean ematen den materiala ere, doakoak izango dira, baina beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea saioa baino egun batzuk lehenago edukiera kontrolatzeko: euskarazerbitzua@leioa.eus edo 946 072 576 telefonoan.
Saioak
Saioetan pertsona nagusiek eta txikiek batera parte har dezakete. Antolatzaileek gomendatutako adina: 5-8 urteko da, Lehen Hezkuntzako 1. 2. eta 3. mailak, hain zuzen ere. Familia bakoitzak gehienez hiru pertsona izango ditu: bi heldu eta txiki bat edo bi haur eta heldu bat. Saioak 17:30etik 18:30era izango dira, honako data hauetan:
- Urriak 14: Euskaraz koloreztatu
- Azaroak 4: Euskaraldia
- Abenduak 2: Gabonak
- Urtarrilak 13: Euskal mitologia
- Otsailak 3: Ziripot eta Zaldiko
- Martxoak 3: Balendina astronauta
- Apirilak 21: Bazen behin
- Maiatzak 5: Udako oporrak