Pandemiaren aurreko formatua berreskuratuta, egun berezia ospatu zuten zapatuan, urriak 29, Leioako herritarren eta udalerriaren arteko lotura sendotzeko asmoagaz. Udalak azaldu duen bezala, egun horren asmoa zen topagune bat sortzea kultura- eta kirol-elkarteentzat, ikastetxeentzat, guraso-elkarteentzat, auzo-elkarteentzat, auzoetako kultura-gelentzat, azken batean, enpresentzat, eta Leioan eta Leioarako lan egiten dutenentzat.
Zentzu horretan, Udalak Leioagaz lotura eta dedikazio handia izan duen emakume bat omendu gura izan zuen, osasunaren arloko profesional bat, bere lan-bizitza leioaztarrak zaintzen eman zuena, Martina Aretxaga emagina, hain zuzen.