Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkatearen esanetan ekimen honegaz leioaztarrak "harritu, hunkitu eta dibertitu" gura ditu Udalak, "Leioatik paseo atsegina" ematen duten bitartean. Alkateak gaineratu duenez, "inoiz ikusi gabeko zerbait izango da, iazko Desioen Basoari jarraipena emango diona".
Halaber, alkateagaz batera, atzo egin zuten ekimenaren aurkezpenean egon zen Alberto Garcia Kultura Arloko koordinatzaileak azaldu zuenez, argiztapen eta musika joko horietako batzuk interaktiboak izango dira.
Guztira 10 proposamen egongo dira dira, barikuko 18:00etatik aurrera, eta domekako 22:00ak arte. Ikuskizunak leku hauetan banatuko dituzte: Estartetxe kalea, Bulebarra, Jose Ramon Aketxe plaza, Errekalde plaza, stoa, Sabino Arana kalea eta Udondoko bulebarra.
Honako hauek izango dira ikuskizunak:
- Leioaren bihotza. Bihotz handi batek, indarrez taupadaka, Leioa oso hiri bizia dela gogoraraziko die bertaratzen direnei. Udondoko Bulebarrean egongo den taupada erakargarri honek leku ezin hobea sortuko du pertsona gustukoenakaz batera argazkia atera eta sareetara igotzeko.
- Ispiluen basoa. Murgiltze-eremu bat izango da, ehunka argi-sorta mugituz sortuko dutena, soinu-banda melodiko batez lagunduta.
- Atzo eta gaur. Ehundik gora eraztun izango dituen mendeurreneko haritz handi bat, kolorez aldatzen dena, trantsizio oso leunakaz. Bere ondoan, aurreko eraikinean, neska bat. Proposamen hau iraganari, orainari eta herritar guztiak protagonista eta aktore dituen etorkizunerako konpromiso-dei bat da, helburu komun bat duena: ingurune berde, iraunkor, osasungarri eta oparoa lortzea.
- Esperientzia metafisikoak. Oteizaren kutxa metafisikoari keinu bat. Proposamen honegaz kuboaren mugak eta barneko hutsunearen mugak simulatu gura dituzte, ikus-entzunezko hainbat teknikagaz esperimentatzen.
- Argi- itsasoa. Argi eta soinu sakoneko itsaso batean murgiltzeko gunea.
- Mailua. Obeliskoa azokako mailu erraldoi bihurtuko dute. Joko honetan parte hartzen dutenek euren indarra frogatuko dute eta indartsuena nor den jakiteko gaitasunaren emaitza Boulevardeko Obeliskoan islatuko dute.
- Elur pilota. Haurtzarora bidaiatzeko proposamen bat, non eskala naturalean hainbeste amets izan ditugun elur-bola bat ikusi ahal izango dugun.
- Ekaitza. Ibilaldi atsegina argi-zaparradaren eta distiraren artean, mugikorra berriro sakelatik ateratzeko aukera paregabea.
- Gure taupada. Helburua da publikoak naturaren bihotza zaintzeko beharra sentitzea. Parte-hartzaileen pedalkaden energiagaz naturaren bihotzak piztea lortuko dute, eta horiek ere soinu handia izango dute.
- Tetris. Kultur Leioa historiako jokorik arrakastatsuenetako bat birsortzeko bideo-kontsola erraldoi bihurtuko da: Tetris. Ikusleek pantaila erraldoian jokatu ahal izango dute vintage klasiko honegaz.