Barikutik aurrera eskuratu ahalko dira LeioaIndartu bonoak

Erredakzioa 2022ko aza. 16a, 10:10

2022ko LeioaIndartu bonuen kapaina aurkeztu du Iban Rodriguez alkateak. © LEIOAKO UDALA

Abian da Leioako merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko deskontu-bonuen laugarren edizioa. Lehenengo erosketak bariku honetatik aurrera egin ahal izango dira, 10:00etatik aurrera, hain zuzen. Orain arte, 62 negozio atxiki zaizkio kanpainari, baina oraindik zabalik dago batu gura duten establezimendu berrientzako deialdia.

Bi bonu mota izango ditu kanpainak: 10 euroko bonua (erosketetarako 5 euro gehiago) eta 20 euroko bonua (erosketetarako 10 euro gehiago). Bonu hauek azaroaren 2tik aurrera erosi ahal izango dira kutxazain multizerbitzuetan eta udalaren webgunean, eta 2023ko urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira. NAN bakoitzeko 120 eurorainoko bonuak erosi ahal izango dira.

Era berean, LeioaIndartu bonuak elkarren artean metatu daitezke, faktura bakoitzeko bi bonu arte, eta ezin dira eskudiruagaz trukatu. Bonuak bonuaren zenbatekoaren berdinak edo handiagoak diren erosketetarako balio du.

Parte hartuko duten negozioek identifikazio-kartela izango dute establezimenduan, 10 langile baino gutxiagokoak eta eremu askotakoak izan daitezke: ile-apaindegiak, dekorazioa, jangaiak, farmaziak, moda, ostalaritza...

Leioako alkatearen, Iban Rodríguez Etxebarriaren, hitzetan: "Gure herriko merkataritza gure kaleetako eta Leioako bizimoduaren zati garrantzitsu bat da: ekimen honen bidez esan nahi dizuegu zuen gertutasunaren, tratuaren, lanaren eta zuen eskaintzaren kalitatearen alde egiten jarraitzen dugula. Duela ez asko egiaztatu dugun bezala, pandemiaren garairik zailenetan. Gure merkataritza udalerri gisa dugun bizi-ehunaren funtsezko zatia da.”

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun