Bizkaiko Foru Aldundiak, Gizarte Ekintza Sailaren mendekoa den Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen (GUFE) bitartez, Leioako zentroko lehen solairua 25 plaza izango dituen unitate soziosanitario bihurtzeko prozesua abiatu duela iragarri du. Eraldaketa horri ekiteko obren aurreko xehetasun arkitektonikoko proiektua daborduko lizitaziora atera dute, 118.580 euroko aurrekontuagaz.
Ospitaleko egonaldiaren osteko errekuperaziorako eta errehabilitaziorako egonaldietarako baliabide espezializatuak dituzten plaza soziosanitarioez gain, zentro horrek laguntza espezializatuko diziplina anitzeko taldea izango duela aurreratu dute; talde hori eskualdeko gizarte-zerbitzuen sektoreko egoitza-zentroetan laguntza-prozesuak ezartzeko aholkularitza- eta laguntza-lanetan dedikazio osoa duten profesionalek osatuko dute.
Hala, Leioa Uribe Kostako gizarte-zerbitzuen sektorearentzako eskualdeko erreferentzia zentro bihurtuko dute, eta Birjinetxeren ereduari jarraituko dio, Bilbo ingururako dagoeneko eredu horregaz funtzionatzen duena.
Joan den astean, Uribeko gizarte-zerbitzuen sektoreko 20 egoitzatako arduradunek bilera egin zuten aurreikusitako jarduera-ildoetako bat lantzen hasteko. Jarduera hori egoitza-zentroetan "Erabakien eta Zaintzen Plangintza Aurreratua" garatzeagaz lotuta dagoela zehaztu du Aldundiak eta osasun sistemagaz lankidetzan burutzen da, bi erakundeek duten lankidetzarako esparru-protokoloa betez.
Leioako bizikidetza-unitateak
Leioa eskualdeko erreferentzia zentro gisa konfiguratzeak zentroko bigarren, hirugarren eta laugarren solairuak bizikidetza-unitate bihurtzeko aurreikusitako eraldaketa osatzen duela ere azpimarratu dute. Gaineratu dutenez, aldaketa horrek zentroan bizi diren pertsonei arreta pertsonalizatuagoa ematea bideratuko duela ere, unitate txikiagoekin eta etxekoen unitate baten antza handiagoa dutenakaz. Obrak urtarrilean hasi eta faseka egingo dituzte, zentroko laugarren solairutik hasita. Solairu horretan 20 logelako bi bizikidetza-unitate egongo dira eta unitate bakoitzean 22 egoiliar biziko dira. Horretarako aurrekontu konprometitua bost milioi eurotik gorakoa dela zehaztu dute.
Esku-hartze horren bitartez, Leioako Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen zentroa Uribeko gizarte-zerbitzuen sektoreko erreferentziazko baliabide bihurtuko da, egoiliarrentzako eta zaintza-, prebentzio-, errehabilitazio- edo lehengoratze funtzionaleko premiak dituzten pertsonentzako erantzuna hobetuko duena, eta Uribeko gizarte-zerbitzuen sektorean kokatutako egoitza-zentro guztiei lagunduko die.