Eskualdean umeen obesitatea prebenitzeko osasunaren sustapenerako tresnak aurkeztu dituzte Leioan

Erredakzioa 2022ko aza. 21a, 09:52
Umeak eskualdeko ikastetxe bateko jantokian, artxiboko irudian.

Leioako Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren mendeko Uribe Kosta Eskualdeak umeen obesitatearen arazoari aurre egiteko osasunaren sustapenean dauden tresnak zabaltzeko jardunaldia egin zuten aurreko astean Artatza Jauregian. OMEren datuen arabera, obesitatea hirukoiztu egin da mundu osoan 1975etik gaur arte, baina prebenitu daiteke. Ekitaldia batez ere Uribe Kostako Osasun Eskualdeko herrietako udal arduradunei eta hezkuntza komunitateko arduradunei zuzenduta zegoen.

Jardunaldi horrek 2019an Leioan hasitako parte-hartze prozesu komunitarioaren adibidea erakusteko balio izan zuen. Prozesu horretan parte hartzen dute udaleko teknikariek eta politikariek, herriko ikastetxe publikoetako hezkuntza-komunitateak (irakasleak eta guraso-elkarteak barne), Osakidetzako langileek eta Eusko Jaurlaritzako osasun publikoko teknikariek, Solasguneko dinamizatzaileakaz batera.

Orain arte, udal-langileak eta hezkuntza-komunitatea gaitu edo sentsibilizatu dituzte, eta egoera aztertu dute eta komunitatearentzat baliagarriak diren baliabideak eta beharrak identifikatu dituzte. Nabarmendu zutenez, prozesuak martxan jarraitzen du pandemia gainditu ondoren. Horren helburu espezifikoetako bat Leioako Osasunerako Tokiko Ekintza Plan bat onartzea da, komunitateagaz batera diseinatua, osasunerako ingurune onuragarriak sortzeko eta umeen obesitatea murrizteko gauzatu behar diren jarduerak lehenetsi eta definituko dituena.

Iban Rodriguez Leioako alkatearen hitzetan: “Parte-hartze komunitarioa funtsezkoa da, ez bakarrik inplikatutako eragileekin batera inguru osasungarriak sortzen edo elikadura-ohiturak eta jarduera fisikokoak aldatzen lagun diezagun, baita herritar ahaldunduagoak eta osasunaren gaineko kontrol handiagoa dutenak lortzeko ere. Leioan, duela 20 urte baino gehiagotik parte hartze komunitarioaren aldeko apustu garbia egin genuen”.

Prozesu horiek modu parte-hartzailean gauzatzen dituzte, eta arreta ekitatean jartzen da, hain zuzen ere biztanleria kalteberenak etekina atera diezaion bere buruarengan parte hartzeari eta prozesuaren ondoriozko ekintzei. Era berean, parte hartzen duten eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa eskatzen du: Udalak, Osasun Saila, Osakidetza, hezkuntza-komunitatea, sektore pribatua edo hirugarren sektorea. Komunitatearen parte-hartzea eraginkorra izan da komunitatea osatzen duten pertsonen osasun-egoera hobetzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun