Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lapurreta urriaren bukaeran jazo zen, Leioako etxebizitza batean. Etxeko bizilaguna etxetik kanpo zegoela baliatuta, lapurrak fatxada eskalatu eta leiho batetik sartu zen. Bizilagun bat gertatzen ari zenaz ohartu zen eta etxeko jabea abisatu zuen.
Jabea hainbat bizilagunegaz bertaratu zen, eta lapurretaren egilea ustekabean harrapatu zuten. Horren aurrean, ustezko lapurrak bigarren solairutik kalera egin zuen salto, zauri nabarmenik egin gabe. Orduan, bertan zeuden auzotarrek inguratu zuten, ihes egin ez zezan, baina atxilotuak labana bategaz mehatxatu zituen eta bizilagunetako bat eskuan zauritu zuen.
Azkenean, atxilotuak ihes egitea lortu zuen, seguruenik inplikatutako beste pertsona baten laguntzari esker, litekeena da lapurreta egin zuen gaztearen zain ibilgailu bat egotea, Segurtasun Sailak adierazi duenez. Izan ere, Ertzaintzari abisua eman ondoren, bertaratutako agenteek ingurua miatu zuten, baina ez zuten ihes egindako ustezko egilea aurkitu.
Egindako ikerketek eta gertakarien lekuko izan ziren bizilagunek emandako informazioak ustezko egilea identifikatzea ahalbidetu zieten agenteei, eta bariku arratsaldeko lehen orduan atxilotu zuten haren etxean, Bilbon. Hainbat polizia-aurrekari dituen atxilotua, epailearen esku jarri zuten zapatu goizean.