Leioa Indartu Bonoaren edizio berri bat argitaratuko dute barikuan

Erredakzioa 2022ko abe. 1a, 09:56

Leioako merkataritza establezimendu bat, artxiboko irudian. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak Leioa Indartu Bonoaren partida berri bat berrargitaratzea erabaki du, aurreko laugarren deialdiak izandako arrakastaren ondoren; izan ere, azaroaren 18an, barikua, martxan jarritako hasierako partida astelehenean, 21:00etan, agortu zen. Ekimen hau tokiko merkataritza biziberritzeko planaren barruan kokatu dute eta bonu berrien erosketa abenduaren 2tik aurrera egin ahal izango da, 10:00etatik aurrera, Kutxabank kutxazainetan eta udal-webgunean.

Bonuak NANeko 120 eurora arte erosi ahal izango dira, eta aurtengo edizioan muga horri eutsiko diote: kopuru horretara arte erosi dutenek ezin izango dute bonu gehiago erosi, bai, ordea, lehen sortan erosi ezin izan zutenek. Orain arte, 72 negozio atxiki zaizkio kanpainari, eta oraindik ere deialdia zabalik dago batu gura diren establezimendu berrientzat.

Gogoratu dute bi bonu mota egongo direla: 10 euroko bonua, erosketetarako bost euro estra lortzeko, eta 20 euroko bonua, erosketetarako 10 euroko aparteko hobariagaz. Era berean, Leioa Indartu bonu horiek elkarren artean metatu daitezke, faktura bakoitzeko bi bonu arte, eta ezin dira eskudiruagaz trukatu. Bonuak beren zenbatekoaren berdinak edo handiagoak diren erosketetarako balio du. 2023ko urtarrilaren 31ra arte izango dira baliozkoak.

Parte hartzen duten 72 negozioek identifikazio-kartela izango dute establezimenduko leku ikusgarri batean, denak 10 langile baino gutxiagokoak eta eremu askotakoak, hala nola ile-apaindegiak, dekorazioa, jangaiak, farmaziak, moda eta ostalaritza.

Iban Rodriguez Etxebarria alkatearen hitzetan: "Horrela, lehen partida ekonomikoaren arrakasta luzatu nahi dugu; alde batetik, erosi ezin izan zuten pertsona gehiagok parte hartu ahal izan dezaten ekimen honetan, eta, bestetik, gure tokiko merkataritza indartu dezan, bere hurbiltasunarekin eta kalitatearekin gure bizi-sarearen funtsezko zatia baita udalerri gisa".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun