Leioan dena dute prest Eguberriez ohiko formatuan gozatzeko

Erredakzioa 2022ko abe. 16a, 08:00

Iban Rodriguez Leioako alkatea Mari Domingi eta Olentzerogaz. © LEIOAKO UDALA

Dena prest dago Leioan Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen etorrerarako. Aurten, Gabonetako jardueren ohiko formatura itzuliko dira ospakizunak, ohiko programazioa erabat berreskuratuz. Ez dira faltako gure pertsonaia maitatuenen harrerak, txikientzako antzerkia Auditorioan eta umeetzako emanaldiak Kandelazubietan.

Hasteko, Olentzerok eta Mari Domingik ohiko kalejira egingo dute Leioako kaleetan zehar abenduaren 24an. Arratsaldeko 17:00etan Elexalde errotatik irtengo dira eta Sabino Arana eta Luis Bilbao Libano igaro ondoren, Kultur Leioan txikiei harrera egingo diete. Gainera, Leioako hainbat auzotan ere izango dira, hala nola Pinuetan, 17:30ean; San Bartolomen; Lamiakon, 17:30ean, metro-geltokian; eta Txorierrin.

Urteko azken astean, Kultur Leioako Auditorioa umeei zuzendutako jarduerez beteta egongo da, "Gabonetan antzerkira" izendatu duten zikloko hainbat emanaldigaz. Gainera, Kultur Leioako erakusketa-aretoan Euskoplay playmobil bildumagileen elkartearen erakusketa bat dago ikusgai, umeak zein helduak harrituko dituena.

Gainera, urtarrilaren 2tik aurrera, astelehenetik aurrera, 2 urtetik gorako umeentzako doako hainbat emanaldik osatuko dute aurtengo Gabonetako Umeentzako Parkea goizeko eta arratsaldeko ordutegietan.

Eguberriak Ekialdeko Errege Magoen etorreragaz amaituko dira, aurten ere Leioako umeei harrera eginez Kultur Leioan. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Leioako txikien eskaerak entzuten egongo dira berriro urtarrilaren 5eko arratsaldean.

Gabonetan Leioan egingo diren ekintza guztien programazioa www.kulturleioa.com webgunean ere kontsultatu daiteke.

Leioaztarrak protagonista dituen zorion-adierazpena

Aurten ere, Leioako Udalak Gabonak zoriondu gura izan dizkie leioaztarrei, udalerriko hainbat pertsona protagonista dituen kanpaina berezi bategaz. Aritza, Marta, Edurne, Youssef, Ruben, Arantza eta Martak euren irudia eskaini dute jaiak zoriontzeko, Leioako bihotza bertako bizilagunak direlako eta, horregatik, udalerriko gauzarik baliotsuenak direlako.

Sustapen-liburua argitaratzea

Gainera, Leioak udalerriko argazki-liburu bat argitaratu du, Leioa berri bat erakusten duena; berdea, iraunkorra eta txoko magikoz betea. Argitalpen hori Leioako denda askotan egongo da salgai eta bi euroko prezio sinbolikoa du. Jasotzen duten dirua Sortarazi elkartearentzat bideratuko dute, herriko elikagaien bankua kudeatzen duen erakundearentzat, horrela, zuzenean lagundu ahal izango die gehien behar duten leioaztar familien elikaduragaz. Hori dela eta, bi euro sinbolikoez gain, aparteko dohaintza bat eskatuko dute kausari laguntzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun