Leioako Udalak 44,2 milioi euroko aurrekontua onartu du 2023rako, aurtengoa baino ia bi milioi euro gehiago

Erredakzioa 2022ko abe. 23a, 09:56

Leioako Udaletxea, artxiboko irudian. LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak 2023rako 44.293.404,91 euroko udal-aurrekontu bateratua onartu zuen atzoko osoko bilkuran. Horrela, udalaren aurrekontua 42.826.794,52 eurokoa izango da, eta Soinu Atadia eta Euskararen Erakundea erakunde autonomoek 2.585.573,07 eta 915.544,96 euro izango dituzte, hurrenez hurren. Aurrekontua aurrera atera zuten Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak alderdiek osatutako gobernu-taldearen aldeko botoakaz; aitzitik, EH Bildu Leioak, Elkarrekin Leioa Podemosek eta Alderdi Popularrak aurka bozkatu zuten.

Leioak, bigarren urtez jarraian, inoizko aurrekonturik altuena onartu du, aurrekoan baino % 5,3 handiagoa. Partidarik handienak hirigintzan (kiroldegi berria, San Bartolomeko frontoia, bidegorrien sarea handitzea edo 6 eta 14 urte bitarteko gazteentzako ludoteka), kulturan, kiroletan eta gazterian (Leioako Kultur Liburutegia indartuz eta udalerriko elkarteen aldeko apustu handiagoa eginez) eta gizarte-ongizatean (leioaztarren oinarrizko beharrak betetzeko laguntzak indartuz) banatuko dituzte.

Udal-iturriek gaineratu dutenez, udal-aurrekontua NBEren 2030 Agendan onartutako Garapen Iraunkorreko 17 helburuakaz lerrokatu dute, Leioako Udalak garapen iraunkorragaz eta 2030 Agenda betetzeagaz duen konpromisoaren esparruan, hain zuzen ere. EUDELek udalei laguntzeko prestatutako metodologiari esker egindako lana dela era azpimarratu dute.

Euzko Abertzaleetatik, Ugaitz Zabala Gomezek azpimarratu zuen bere talde politikoak “zerbitzu publikorako bokazio argia” duela. Adierazi zuenez, “akordiorik eza oposizioaren proposamen gehienak udal-proposamenean jasota zeudelako gertatu da”. Eta argitu zuen bere taldeak “helburu bakarra duela: Leioa”.

Bestalde, EH Bildu Leioako Asier Izquierdo Aguilerak gobernu-taldeak udal-aurrekontuan “beste sentsibilitate batzuk sartu ez izana” deitoratu zuen, eta “2021ean onartutako eta bete gabeko emendakinei dagokienez lau urtetan aurrera egiteko gai ez izatea” egotzi zion.

Leioako alderdi sozialistatik, Juan Carlos Martínez Llamazaresek, udal-aurrekontuaren “defentsa justu eta orekatua” egin zuen eta “eskua luzatzen” jarraitzearen aldeko apustua egin zuen.

Elkarrekin Leioa Podemosetik, Luis Miguel Lapeña Morenok aurrekontuko “argi-itzalak” aipatu zituen, eta aitortu zuen konfiantza galdu zuela aurretik lortutako akordioak bete ez direlako.

Bukatzeko, Jose Luis Eguiluz Borde Leioako popularren ordezkariak “gobernu-taldearen lana zalantzan jartzen ez duela” argitu zuen, baina “oposizioak jasotako proposamenak interesgarriak ez izatea” deitoratu zuen. Bere alde, argudiatu zuen, “herritarren onerako behar bezala egoten saiatu dela”.

Azkenik, Iban Rodriguez Etxebarria alkateak argitu gura izan zuen aurrekontuak negoziatzeko prozesuan zehar gobernu-taldeak “adiskidetzeko eta negoziatzeko jarrerari eutsi diola, nahiz eta botoen % 60 baino gehiago izan onartzeko”. Oposizioari “administrazioak markatutako denborak errespetatu behar direla” gogorarazteko aprobetxatu zuen, eta “pandemiak markatutako azken bi urteetan lehentasunak pertsonei eta oinarrizko beharrei erantzutean”, zentratu direla gaineratu zuen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun