Gizon bat atxilotu dute Leioako Iturribide auzoko taberna batean lapurtzen ari zela

Erredakzioa 2022ko abe. 29a, 10:17

©LEIOAKO UDALA

Ertzaintzak, Leioako Udaltzaingoagaz lankidetzan, 39 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, indarra erabiliz lapurtzea egotzita, Iturribideko taberna batean leiho bat bortxatuz sartu ostean.

Atzo, eguaztena, goizaldeko 02:00ak pasata, Ertzaintzari eta Leioako Udaltzaingoari jakinarazi zieten pertsona bat zegoela Iturribide auzoko taberna baten barruan. Bi polizia-kidegoak bertaratu zirenean, establezimenduak leiho bat hautsita zuela egiaztatu ahal izan zuten. Tabernara sartzean, kutxa erregistratzailea bortxatuta zegoela eta ustezko egilea zerbitzuetan ezkutatu zela ere egiaztatu zuten. Ondoren egindako miaketan, inplikatuak bere gauzen artean tabernako diru-bilketatik ateratako txanpon ugari zeramatzala baieztatu ahal izan zuten.

Ondorioz, 39 urteko gizona atxilotua izan zen indarra erabiliz lapurreta egitea egotzita. Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko eginbideei ekiteko, eta, amaitutakoan, epailearen esku utzi zuten.

Ertzaintza beste pertsona batzuek lapurretan parte hartu ote zuten ikertzen ari da, eta ez du baztertzen atxiloketa gehiago egitea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun