Kontzentraziora bertaratu zirenek, besteak beste, zerbitzua azpikontratatzearen eta lan-baldintza txarren aurkako aldarriak egin zituzten. Salatu zuten hainbat udalek azpikontratatzen dituzten Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuko zerbitzuetara partida urtez urte areagotzen dela, baina langileen lan-baldintzak okertu besterik ez direla egiten: "Udalen dirua da baina enpresa pribatuetara doa, eta urtero lizitazioaren balioa, bataz beste, % 20 inguru igo arren, langileei ez zaie ezer heltzen eta gure nagusiei edo arreta behar duten pertsonei ematen zaien zerbitzua ez da hobetzen".
Halaber, deitoratu zuten 2015etik daramatela hitzarmena berritu gabe, eta, horren eraginez, euren soldatak izoztuta daudela ordutik, horrek dakarren eros-ahalmen galeragaz. Zentzu horretan, euren lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen bat negoziatzeko exijitu zuten. Orain arte egindako bileretan patronalak hiru urtetan soldaten % 3ko hazkundea proposatu dietela jakinarazi zuten, baina hori ez zaie onargarria iruditzen: "Daukagun panorama ikusita, ez zaigu nahikoa iruditzen, besteak beste, langileek euren ibilgailuetan egiten dituzten desplazamenduetarako erregaia eta udalerri askotan jartzen ari diren TAO beraiek ordaindu behar dutelako".
Era berean, eskaera ekonomikoez gain, lan-baldintzak hobetzea ere exijitu zuten, hala nola zerbitzuaren bateratzea, behar bezalako ordu beteko zerbitzu minimoak egitea eta osasun laboralari dagokionez ere egoera hobetzea; izan ere, "emakume hauek etxeetara laguntzera doaz, baina ez daukate horretarako baliabide nahikorik, horrek eragiten dituen gaitz fisikoekin", deitoratu zuten.