"Galerna" ikuskizun musikalagaz abiatuko dute Kultur Leioako 2023ko programazioa

Erredakzioa 2023ko urt. 11a, 12:57
Ikuskizunaren aurkezpenean egon ziren Alberto Garcia Kultur Leioako teknikaria, Iban Rodriguez Leioako alkatea, Basilio Astulez Leioa Kantikako eta Mikeldi Uribe Loraldiko ekoizle exekutiboa. © LEIOAKO UDALA

Kultur Leioak 2023ari hasiera emango dio Loraldiaren eskutik datorren proposamen erakargarri bategaz: Galerna ikuskizun musikalaren aurre-estreinaldia. Leioa Kantika Koralak parte hartzen duen familia guztiarentzako emanaldia urtarrilaren 15ean, domekan, eskainiko dute.

Galerna (Azken bidaia) itsasoari buruzko begirada emozional bat da: ezezagunaren beldurra, sakontasunaren misterioa, naturaren indarren aurreko ezintasuna, ozeano ukiezinaren poetika, senideak galtzeko arriskua, mundu berriak aurkitzeko ilusioa, itsasoko jendearen poza edo bertan bizi diren izakiak marrazteko gozamena. Euskal sustraitik abiatuta, hala nola mitologia, soinuak, testuak, tradizioak, istorioak, dantzak... munduari begirada irekia eskaintzeko espektakulua.

Familia osoarentzako ikuskizuna da, ume eta gazteek interpretatua, baina publiko guztiari zuzendua. Itsasoari eskainitako poemak, itsasoaren inguruan sortutako istorioak, kantutegitik ateratako itsas-doinuak, laneko abestiak, maitasun-abestiak... Itsasoak eskaintzen duen uzta oparoa da. Juan Kruz Igerabidek dena nahastu du itsasoari begirada poetikoa eta aldi berean sakona, alaia eta gazi-gozoa emateko.

Ikuskizuna Kantika Koralan oinarritzen da, eta hortik musika koralak du pisurik handiena, baina koruari zuzenean lagunduz, talde instrumental bat, baritono bakarlari bat eta aktore bat egongo dira.

Aurrestreinaldi horren ondoren, Kultur Leioako Auditorioak musika, antzerki eta dantzako ohiko erritmoarekin jarraituko du, leioaztarrak proposamen bakoitzagaz harritzeko helburuagaz. Antzerki, musika, umore eta familian gozatzeko proposamen asko.

Martxoaren 19an Bilboko Arriaga antzokian ere ikusteko aukera egongo da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun