Leioako Udalak 19 pertsona kontratatu ditu hainbat arlotan lan egiteko

Erredakzioa 2023ko urt. 14a, 12:58

Auzoko Laguntzaileak egitasmoari esker kontratutako behargin bat lanean. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak 19 pertsona kontratatu ditu 2022ko Tokiko Enplegu Planaren esparruan, Auzoko Laguntzaileak egitasmoaren eta Leioako udalerriko ardatz estrategikoen sustapenaren arloan. Kontratazio horiek egin dituzte herritarren parte-hartzea, euskara, tokiko merkataritza edo enplegua ardatz dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren estrategiaren eskutik.

Guztira 12 pertsona kontratatu dituzte: lau auzoko laguntzaile, hiru zurgintzako ofizial eta lau margolari. Horrela, auzoko laguntzaileak izena duen taldeko kideek antzemandako gorabeherak arinago konpondu ahal izango dituztela iragarri dute, horretarako eratutako lan-brigadaren esku-hartzeari esker.

Auzoko Laguntzaileak proiektuaren bidez, Leioako Udalak herritarren eskura jarri gura ditu erabilera publikoko hainbat zerbitzu, batez ere, hainbat arlotan informazioa eta aholkularitza emateko eta udalerria benetako ongizate-estatua izateko behar diren baldintzetan egon dadin zaintzeko.

Bestalde, Leioako udalerriko ardatz estrategikoak sustatzeko programarako zazpi pertsona kontratatu dituzte tokiko merkataritza dinamizatzeko lan teknikoak egiteko (1), egoera ahulean dauden pertsonen autonomia eta ahalduntzea bultzatzeko laguntza emateko (2), herritarren parte-hartzea (1), artxiboak digitalizatzeko lanak (1), euskara dinamizatzeko lanak (1) eta informazio geografikoko sistemetan espezialista izateko (1).

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak 262.499,80 euroko diru-laguntza eman zion Udalari pertsona horiek kontratatzeko, zeinak Leioako langabeak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenak. Kontratuen iraupena sei hilabetekoa da, abenduaren amaieran hasi eta 2023ko ekainera arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun