Aldekoenako umeentzako parkea estaltzeko lanak hasi ditutze

Erredakzioa 2023ko ots. 3a, 12:12

Aldekoena auzoko umeentzako parkea estaltzeko lanek lau hilabete iraungo dute. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak aste honetan hasi ditu Aldekoena auzoko haur-parkean estalkia jartzeko lanak. Iragarri dutenez, esku-hartze horri esker udalerriko umeek 217 metro karratu baino gehiagoko jolasleku estali bat izango dute, edozein eguraldi-baldintzetan bertan jolastu ahal izateko. Horretarako, Udalak 326.700 euroko (BEZa barne) inbertsioa egin du eta lanak lau hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute.

Euskal Etxeen plazan, Txorierri plazan eta Ugarteondon instalatutakoen ondoren, Leioako gobernu-taldeak herrian eraikiko duen laugarren parke estalia izango dela jakinarazi du, umeei eta euren familiei aire zabalean eta euritik babestuta jolasteko gune berri bat eskaintzeko.

“Leioako eremu publikoak hobetzen eta dinamizatzen jarraitzeko dugun helburuagaz bat datorren jarduera da. Gure konpromisoa estalitako umeen parke kopuruak gehitzen joatea da, Leioako herritar guztiek beren auzoan jolaserako babestuta dagoen gune bat izan dezaten.
Leioako bizilagunek lehenetsitako eskaria da eta, beraz, Udalarentzat ere lehentasunezko jarduera da“, azpimarratu du Iban Rodriguez alkateak.

Basoan jolastea bezalakoa

Udal-iturriek azaldu dutenez, Aldekoena auzoko jolaslekuko estalki berriak, 2018an Euskal Etxeen plazako eta Txorierri plazako parkeetan bezala, naturari egiten zaizkion aipamenak izango ditu ardatz. Horregatik, hobetsitako aukera udalerriaren garapenagaz ezin koherenteagoa da, hainbat berdegune zabal hartzen baititu kontuan natura-guneak herriguneagaz bat egiteko helburua betetze aldera.

Hala, estalkiak basoetan sortzen diren argi eta itzalen arteko jolasen zulo handi esanguratsuak eskainiko ditula azaldu dute. Era berean, sabaia leuna izango da, pinu-zurezko panelakaz osatua, basoaren osagai natural eta erreferentzialaren ideia indartzeko. Gainera, estalkiak malda bat izango du euri-uren bilketa errazteko, eta argiztapen-instalazio bat sartuko da argi gutxiko orduetarako.

Halaber, gogoratu dute leioaztarrek Basoa lemari erantzuten dion parte-hartze publikoko prozesu baten bidez helarazitako nahiei erantzuten dien jarduera dela.

Gaineratu dutenez, Mendibile eta Zarragabarrena bezalako guneek ere beren haur-jolastoki estaliez gozatu ahal izango dute, Lamiako eta Pinueta ahaztu gabe, horien garapen berriek bide emango baitute antzeko gauzetarako. guztira, Leioak udalerrian zehar sakabanatutako 33 haur-jolasleku ditu; horiez gain, ikastetxeetan horrelako beste bost, eta bederatzi eremu ariketa egiteko aire zabalean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun