Atestatuetarako furgoneta elektriko berria Udaltzainak erabiltzen dituen autoen flotara gehituko da, Udala aspaldidanik bultzatzen ari den ingurumen eta mugikortasun iraunkorreko politikekin bat etorriz. Ibilgailu elektrikoak egungoa ordeztuko du, eta, alkoholemia eta droga-kontrolak egiteaz gain, leioaztarrei arreta eskaintzeko aukera ere emango du, istripuren bat edo trafikoarekin lotutako beste kasu batzuk gertatuz gero.
Furgoneta %100 elektrikoa eta 350 kilometroko autonomia duela azpimarratu dute Udaleko iturriek, eta, beraz, ingurumenerako onura nabarmenak dituela. Polizia-ibilgailu berri honek agenteen lana hobetu eta erraztuko duela ere adierazi dute, atestatuen Unitaterako azken teknologiak baititu, hala nola OCR akoplatzeko eta zirkulazioan grabatu ahal izateko kamera, furgonetatik bertatik bulego-lana egin ahal izateko eremua salaketak edo atestatuak izapidetu ahal izateko eta desfibriladore bat.
Iban Rodriguez alkateak azpimarratu duenez, “Leioako udaltzainek egiten duten lanerako oso errefortzu garrantzitsua da, funtsezkoa baita gure agenteak ondo hornituta egotea eta leioaztarren segurtasuna bermatzeko baliabiderik onenak izatea”.
Halaber, alkateak gogorarazi duenez, gaur egun, Leioako Udaltzaingoaren ibilgailu-parkea osatzen duten zazpi autoetatik lau elektrikoak dira, eta horrek islatzen du gobernu-taldeak iraunkortasunagaz eta ingurumenagaz duen konpromisoa eta kontzientziazioa.
Halaber, Udalak zehaztu du 87.000 euroko inbertsioa egin duela (BEZa barne) Mercedes markako eVito modeloko ibilgailu berri hau eskuratzeko, horietatik 22.000 euro barne-ekipamendurako erabili dira.