Leioak ongietorria eman die HaurEkin sarean sartu diren udalerri berriei

Erredakzioa 2023ko mar. 15a, 09:31

Lakuan ongietorri-ekitaldia egin zieten HaurEkin sarean sartu diren udalerri berriei. © LEIOAKO UDALA

Azken asteotan hamar udalerrik HaurEkin, Haurren Hiri eta Herrien Euskal Sareagaz bat egiteko prozesua abiatu edo amaitu dute. Hauek dira, hain zuzen: Araban Gasteiz, Agurain eta Bastida; Bizkaian Abadiño, Barakaldo, Portugalete eta Sondika; eta Gipuzkoan Beasain, Soraluze eta Urretxu. Sare hori ume eta nerabe parametroa edo ikuspegia tokiko agenda edo politika publikoan txertatu gura duen Eusko Jaurlaritzaren proposamena da.

Hamar horiek bat egin dute lehendik Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailagaz batera sarea bultzatzen zuten 16 udalerriakaz: Bizkaitik Leioa, Zornotza, Bakio, Balmaseda, Bilbo, Derio, Durango, Erandio, Ermua, Galdakao, Gatika, Larrabetzu eta Sopuerta;eta Gipuzkoatik Arrasate, Tolosa eta Zumaia.

Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta Iban Rodriguez, Leioako alkateak, Lakuan bat-egitea eszenifikatu dute, arestian aipatutako udalerri horien ordezkaritza instituzionalari ongietorria emateko. Bertan, Leioa gai horretan udalerri aitzindarietako bat dela azpimarratu zuten eta Rodriguezek kideen aurrean bere udalerrian eman dituzten aurrerapausoak azaldu ditu.

Halaber, Melgosa sailburuak honen garrantzia azpimarratu zuen: "haurrak eta nerabeak subjektuak dira, jada ez dira babesaren onuradun bakarrik, eskubideen defentsan subjektu aktiboak ere badira, adinaren eta garapen-mailaren arabera. HaurEkinek eskubide hori gauzatzea bilatzen du. Euskal erakundeok haur eta nerabeak beren eskubideen titular aitortzen ditugula adierazten duen beste froga bat da".

20 urte

Leioak 20 urte baino gehiago daramatza umeek eta nerabeek parte hartzeko mekanismoak sustatzeko lanean, Herrigune Leioaren bitartez, besteak beste. Rodriguezek adierazi zuenez, Herrigune Leioa proiektuak "tokiko politika hobetzen lagundu du, eta 1,50 zentimetrora iristen ez diren pertsona horien ikuspegitik begiratzen lagundu digu".

Horrela, tokiko mailan hainbat organo egonkor ezartzeko zenbait gidaritza martxan jarri eta Euskal Herriko Unibertsitatea, Innobasque edo UNICEF bezalako beste eragile batzuekaz eta udal ugarirekin lankidetza izan ondoren, Melgosak zuzentzen duen sailak Haurren Hirien Sarea proiektua HaurEkinen, Haurren Hiri eta Herrien Euskal Sarean, txertatu zuen. Orain HaurEkin Eusko Jaurlaritzaren Familia eta Haurren Zuzendaritzaren menpe dago.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun