Ibilgailu elektrikoen Greenpower Iberia-Bridgestone zirkuitua egingo dute domekan Leioan

Erredakzioa 2023ko mar. 17a, 14:55

Domekan 10:00etatik aurrera Goblins modalitateko lehiaketak egingo dituzte Leioako Boulevardean. © LEIOKO UDALA

Ibilgailu elektriko eta ekologikoen Greenpower Iberia-Bridgestone zirkuituaren hirugarren edizioan parte hartuko du Leioak domekan honetan. Goizeko 10:00etatik aurrera, bederatzi eta 11 urte bitarteko gazteek osatutako 15 taldek hartuko dute parte. Proba horiek Bizkaiko bost herritan egingo dira, tartean, Leioan. 

Joan den Martxoaren 5ean Bilbon arrakasta handia izan ondoren ondoren, Greenpower Iberia-Bridgestone zirkuitoa izeneko hezkuntza-programa Leioan izango da domeka honetan, Leioako Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bridgestoneren eta Alfonso Libano Firestone fundazioaren eskutik.

Greenpower zirkuitua hezkuntza-programa autoen lasterketa multzo bat da, eta bederatzi eta 25 urte bitarteko parte-hartzaileek, euren auto elektrikoa diseinatu eta eraiki behar dute lasterketa horietan parte hartu ahal izateko. Proba horietan, ibilgailuek aurrez ezarritako ibilbideari eman ahal dizkioten itzuli-kopuru ahalik eta handiena izatea da erronka, motor elektrikoaren eta baterien konbinazioagaz eta autoaren karrozeriaren diseinuari erreparatu behar diote, bai eta alderdi mekaniko eta elektrikoei ere, errendimendua hobetzeko. Lehiaketetan, irabazlea bateria agortu gabe kilometro gehiago egitea lortzen duena da; horrela, ez du azkarrenak irabazten, baizik eta modu eraginkor, energetiko eta jasangarriagoan gidatzen duenak.

Autoak eskolaz kanpoko ordutegian edo taldean lan eginez curriculum-jarduera gisa landu beharko dute, eta STEM –Science, Technology, Engineering and Mathematics– trebetasunak garatzeko aukera emango die parte hartzaileei. Beren autoak proiektatzen eta eraikitzen dituzte adin bereko taldeen artean neurtu ahal izateko, betiere prototipo elektrikoen eta ingurumenaren aldetik arduratsuak diren ibilgailuen inguruan.

Iban Rodríguez Leioako alkateak adierazi duenez, "Leioa beti dago prest gure gazteen sormen, ekintzaile eta gaitasunak sustatuko dituzten ekintzetan laguntzeko, eta, horregatik, pozik gaude datorren igandeko proba hau hartzeaz. Horregatik, uste dut hezkuntza-hiria garela horrelako proba bat egiteko jokalekurik onenetako bat".

Hala, domekan, hilaren 19an, Leioako Bulebarrean, 10:00etatik aurrera, Goblins modalitateko lehiaketa egingo dute. Guztira, lehen hezkuntzako 15 taldek hartuko dute parte, bederatzi eta 11 urte bitartekoak, Bizkaiko hainbat ikastetxetatik etorriak, besteak beste, Leioako St George eta Gaztelueta ikastetxeetatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun