Kalitate-ziurtagiria AENORek egindako auditoria baten bidez lortu du Leioako Udalak. Auditoria horretan egiaztatu dute ISO 9001 nazioarteko arauaren eskakizunak aplikatzen direla gizarte-zerbitzuen kudeaketan: informazio-, orientazio- eta balioespen-zerbitzuak ematea, eta diru-laguntzak izapidetzea Gizarte Ongizatearen Arloan; Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua eta beste laguntza-zerbitzu batzuk kudeatzea.
Gonzalo San Antoniok, AENORen ordezkariak, ziurtagiria eman zien Iban Rodriguez Leioako alkateari, Virginia Velez arloko arduradun teknikoari eta Juan Carlos Martínez Gizarte Zerbitzuetako zinegotziari.
Alkateak gogora ekarri zuen Udaleko sail horrek pandemia osoan leioaztarren beharrak asetzeko egin zuen ahalegin handia: "Pandemiak proban jarri gintuen, batez ere, Gizarte Zerbitzuen saileko langileei. Leioaztarren beharrizanak asetzeko premia zegoen egoera ezezagun baten aurrean. Hori igaro ostean, kalitate-ziurtagiri hau jasotzeak are balio handiagoa du". Horrenbestez, langileak zoriondu zituen "Zorionak lortutakoagatik, zorionak Virginia Velezi eta bere talde osoari".
Saileko zinegotzi arduradunak, Juan Carlos Martinezek, Leioako Gizarte Zerbitzuak osatzen dituzten langile guztiak zoriondu zituen, sari hori posible egin baitute, egindako lanari eta dedikazioari esker.