Leioako ondarea bertatik bertara ezagutzeko lau ibilbide egingo dituzte

Ander Zarraga 2023ko api. 18a, 11:45

Antolatu dituzten lau ibilbideetan zehar Leioako ondarea ezagutzeko aukera egongo da. © EUSKADI.EUS

Zapatu honetan, hilaren 22an, Leioa pausuz pausu proiektuari hasiera emango diote udalerria hobeto ezagutzeko lau ibilbideren lehenagaz. Oinez egingo diren txangoak udalerriko ondarea. historia eta altxor ezkutuak ezagutzeko bisita gidatuak izango dira; gehienez 25 lagunentzako edukiera izango dute eta birritan egingo dituzte hurrengo aste-akabuetan.

Leioako Altxorretatik izendatu duten lehen ibilbidea zapatu honetan bertan egingo dute. Leioako Turismo Plan Estrategikoaren barruan kokatzen den ekimen honetako lehen txangoa ekainaren 4an ere errepikatuko dute eta Leioako udalerriko berdeguneetatik egingo dute, Ondiztorretik Artatza jauregiraino. Ibilbideak ordu biko iraupena eta 3,36 kilometroko luzera izango duen ibilbide zirkular batek osatuko du; abiapuntua Ondiz 13 autobus-geltokia izango da, gaoizeko 11:00etan.

Bigarren hitzordua maiatzaren 14an eta ekainaren 18an izango da. Horretan, lurraldearen hazkunde industrialari buruzko hainbat interesgunetatik pasatuko dira, jarduera horrek udalerrian utzitako orbanak ezagutzera emango dituzte. Ibilbide hori laburragoa izango da, ordu eta erdikoa eta 1,69 kilometroko luzera izango du; kasu horretan, elkargunea Leioako metroaren sarrera izango da.

Hirugarren ibilbiderako Euskal Herriko Unibertsitateko ingurunea aprobetxatu gura dute, eta Euskadiko naturaren pasealekua zeharkatuz Zientzia Naturan izeneko txangoa egingo dute. Hilaren 29an eta ekainaren 10ean izango da eta ordu biko iraupena izango du. 1,43 kilometroko ibilbidea egiteko elkargunea EHUko Campuseko autobus-geltokia izango da.

Laugarren eta azken ibilbideak udalerriko baserri eta monumentuak emango ditu ezagutzera eta maiatzaren 27an eta uztailaren 2an egingo dute. Zikloa itxiko duen ibilbidean udalerriko gune esanguratsuenak aztertuko dituzte, ondare historikoagaz duten lotura uztartuz, horretarako, San Bartolome eta Peruri auzoetan zehar paseatzeko proposamena egingo dute. Ibilbide zirkularraren iraupena ordu bikoa izango da, 3,32 kilometrotan zehar eta Leioako Boulevard izango da elkargunea.

Ibilbideetan parte hartzeko izena eman beharko da, eta horretarako izapideak honako esteka honetan egin beharko dira. Halaber,  666 85 77 61 telefono-zenbakia eta ekobideak@gmail.com helbide elektronikoa ere ahalbidetu dituzte zeregin horretarako.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de leioaudala (@leioaudala)

Turismo Plan Estrategikoa

Arestian aipatutako ibilbideen ekimena Leioako Udalak abiatutako turismo jasangarriko plan estrategikoan kokatzen da. Azaldu dutenez, produktua eta helmuga ardatz estrategikoan garatu beharreko ildoetako bat da Leioako baliabide turistikoei balioa ematea, zehazki, ibilbideetako jarduera.

Gaineratu dutenez, tokiko kulturarekiko ondarearen balorizazioa da plan operatibo horren ekintzarik beharrezkoenetako bat, hala nola Leioako baliabide bereizgarriei balioa ematea, ibilbideak sortuz, Udalaren posizionamendua indartu gura duen ekintza da, turismo-eragileen artean sinergia positiboak sortuz.

Leioan izan berri diren bisita gidatuen eta jarduera kulturalen esperientziek babesten dute ekimen hau, ezaugarri horiek dituzten zerbitzuen eskaera positiboa eta gero eta handiagoa baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun