"Istanbulera Begira"

Leioa Kantika Koralak Istanbulera eramango duen errepertorioa aurkeztuko die lagun eta senideei

Ander Zarraga 2023ko api. 21a, 14:22

Leioa Kantika Koraleko partaideak apirilaren 27an joango dira Istanbulera. © LEIOA KANTIKA KORALA

Gazteek osatzen duten Leioako abesbatzak erronka garrantzitsu bati ekingo dio hurrengo astean, izan ere, bigarrenez parte hartuko dute World Symposium on Choral Music jaialdian. Basilio Astulez zuzendariak topaketaren garrantzia eta maila altua nabarmendu ditu eta azpimarratu du umeek osatutako talde bakarra izango dela Kantika.

Leioako Udal Kontserbatorioko abeslari gazteak hilaren 27an joango dira Istanbulera (Turkia), hiru urtean behin egiten den mundu mailako abesbatzen topaketan parte hartzeko. Basilio Astulezek jaialdiaren garrantzia goraipatu du, nazioarteko abesbatzen panoraman garrantzi handienetako ekitalditzat jotzen baita World Symposium on Choral Music

Jaialdi horretara joatea "oso berezia" dela adierazi du Kantikaren zuzendariak, "maila itzela izaten baita eta mundu osoan oso talde gutxik dutelako horretan parte hartzeko aukera". Kantika sinposioan parte hartuko duen gazteek osatutako abesbatza bakarra izango da gainera.

Leioako abesbatzak 2014an ere parte hartu zuen Seulen (Hego Korea) egin zen topaketan, hala ere, joango diren abeslarietako asko berriak direla azpimarratu du Astulezek, beraz, "meritu handia dauka berriz ere joateko aukera izateak". Gaineratu duenez, hori ez litzateke posible izango, astez aste egiten duten lan gogorra eta Udaletik eta musika eskolatik jasotzen duten babesagatik ez balitz.

Kantikak bi kontzertu eskainiko ditu Istanbulen: lehena, hilaren 28koa, Itxaropena izeneko gala-kontzertua izango da, eta, bigarrena, Etorkizuna izenekoa, 29an eskainiko dute. Daramaten errepertorioa anitza eta maila altukoa izango dela azaldu du zuzendariak: "Oso erronka handia izango da guretzat". Halaber, zehaztu du abesti asko euskal egileenak izango direla: "Gure emanaldiak kutsu euskalduna izango du; euskal kulturaren enbaxadoreak ere izango gara".

Baina Istanbulera bidaiatu aurretik, Kantikak bere errepertorio ikusgarria aurkezteko kontzertua eskainiko die lagun, senide eta musikazale guztiei. Bihar izango da, zapatuan, Kultur Leioako Auditorieumean, 20:00etatik aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun