Marea Urdinak gaur eta biharko mobilizazioak antolatu ditu langileentzako hitzarmen duinak lortzeko asmoz

Nahia Martinez Gondra 2023ko mai. 8a, 12:06

Gaur eguerdiko Bilboko manifestazioa. © LAB BIZKAIA

Dibertsitate funtzionalaren sektorean diharduten Gaude, Gorabide, Madres Mercedarias, Aspace eta Argia Fundazioko langileek osatutako Marea Urdina deiturikoa greban dago, eta gaur eta biharko mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte lan-hitzarmen duin bat eskatzeko helburuagaz. Horregatik, gaur manifestazioa egin dute Moyua Plazan eguerdiko 12:00etan; Gaudek Bilboko udaletxetik abiatuta, Gorabidek EITBtik, Madres Mercedarias-ek EDEtik, eta, Aspacek Julio Urkijo kaletik. Bihar, maiatzak 9, grebagaz jarraituko dute eta Bilboko Itsas Museoaren kanpoaldean kontzentrazioa antolatu dute goizeko 10:00etarako, ekintza batzuen bidez jasaten dituzten lan-baldintza ezegonkorrak salatzeko asmoagaz.

Gaude elkarteko langilea den Borja Llonin Fernandezek adierazi duenez, gaur eguerdiko manifestazioan parte-hartzaile guztiek mortadelazko bokata bat jango dute Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean "Hitzarmen prekarioak, janari prekarioak" lelopean. Modu horretan, ironiaz betetako keinuaz baliatuz, erakutsi gura dute euren soldatakaz zer nolako otorduak jan dezaketen. "Gaur eta bihar egingo ditugun mobilizazioakaz eskatu gura dugu soldatak Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) arabera eguneratzea. Pandemian muxukorik gabe lanean ibili ginen, egunero txaloak jasotzen genituen gure lana egiteagatik, eta, orain, inor ez da gutaz gogoratzen", deitoratu du Lloninek.

Gainera, gaur goizetik Gaude elkarteko langileek enpresako sarrera blokeatu dute, greba egunari hasiera emateko.

Bestalde, bihar ere, maiatzak 9, Marea Urdinak greban jarraituko du, eta, horregatik, kontzentrazioa egingo dute Bilboko Itsas-Museoaren aurrean, goizeko 10:00etatik 13:00etara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun