Larrialdi-zerbitzuak #Leioa|ko Sabino Arana kaleko etxe batean gotortutako gizonagaz negoziatzen ari dira. Bitartean, Ertzaintzako agente gehiago heldu dira pic.twitter.com/IVA3HshPRD
— Hiruka (@HirukaEus) June 12, 2023
Dirudienez, alarma piztu da auzokide batek ustez armatutako gizona leiho batetik ikusi duenean, Sabino Arana kaleko etxebizitza batean. Horren ondorioz, Udaltzaingoari abisua eman eta, segituan, segurtasun-dispositiboa abiatu dute, Ertzaintzagaz batera. Armari dagokionez, orduotan polizia-iturriek ez dute baieztatu gizona armatuta zegoen edo ez.
Dispositiboa martxan zegoela, berehalako erantzuna emateko Bizkor taldeko ertzainak gerturatu dira, baita negoziazio-talde bat ere. Horiekaz batera, larrialdi-zerbitzuetako anbulantziak eta suhiltzaileak hurbildu dira.
09:00ak aldera, Berrozi Berezi Taldeko agenteak agertu dira, eta, egoera aztertu ondoren, 09:45erako, etxebizitzara sartzeko erabakia hartu dute. Une horretan ere, suhiltzaileek babes-koltxoneta bat puztu dute armatutako gizonaren etxebizitzaren azpian, gerta zitekeenari aurre egiteko.
10:15erako, gotortutako gizona etxebizitzatik atera dute ertzainek, onik, eta osasun-zerbitzuek artatzen ari dira uneotan, HIRUKAk jakin duenez, arazo psikiatrikoak dituela-eta. Desordena publikoa eta mehatxuak egotzi dizkiote gizonezkoari.
Etxera sartutako agenteak atera egin dira eta Larrialdi-zerbitzuen anbulantzia bat ari da artatzen #Leioa|ko etxe batean gotortu den gizona pic.twitter.com/Qp9lfzlp4s
— Hiruka (@HirukaEus) June 12, 2023
Segurtasun Sailak baieztatu duenez, agenteek gizonaren etxebizitza miatu dutenean hainbat arma zuri aurkitu dituzte, tartean, katana batzuk eta bi arma labur. Polizia armak benetakoak ala simulatuak diren egiatzatzen ari da.