Barikuan eta zapatuan, ekainaren 23an eta 24an, Leioako VI. Eskalada Topaketa antolatuko du Leioa Mendi Taldeak. Urtez urte hazten ari den ekitaldiak inoiz baino babesle gehiago lortu dituela azpimarratu dute antolatzaileek, beraz, aurten sari ederrak izango dituzte parte-hartzaileen artean banatzeko. Aurreratu dutenez, topaketa jaiakaz batera egingo denez, aurten 200 eskalatzaile inguru bertaratzea aurreikusi dute.
Aurreko urteetan ez bezala, barikuan hasiko den edizioan ez da epailerik egongo, "horrek parte-hartzaile asko lotsatzen zituelako", azaldu du Irene Larrabeiti taldeko kideak. Horren ordez, antolatzaileek bloke guztiak egitea bermatuko dute eta eskalatzaile bakoitzak puntuatuko du bere burua, "horrela txapelketa herrikoiagoa izango dela uste dugu".
Larrabeitik gaineratu duenez, aurtengo jarduera guztiak Jose Miguel Barandiaran Behekoa Institutuko jolastokian egingo dituzte, "bertan karpa bat dago eta eguraldiak ekintzak ez baldintzatzeko kokapena aldatzea erabaki dugu".
Lehenik, barikuan eskalada-saio irekiak egingo dituzte 17:30etik aurrera, eta gauean, 23:00etan, taldeen arteko txapelketa egingo dute. Zapatuan, goizean umeek eskalada probatu ahalko dute eta arratsaldean herri-txapelketaren txanda izango da. Bukatzeko, gauean, 23:00etan, Argi Bloke Festa egingo dute. Izen-ematea doakoa izango da, baina parte-hartzaileak 45 minutu lehenago bertaratu beharko dira.