Nerbio Bulkada taldeak hilaren 29an aurkeztuko du bere bigarren estudioko lana, Mendekoak izenekoa. 2018an sortu zen taldeak 2020ean argitaratu zuen bere lehen maketa eta urte bat beranduago Esku-Hutsik estudioko lana grabatu zuen. Gitarra lodiak harmonia malenkoniatsuakaz bateratzen dituen azken lanak taldearen gordintasuna eta indarra transmititzen duela aurreratu dute. "Rock astun eta nostalgikoa" bezala deskribatu duten doinuagaz, ohiko soinuez harago joateko nahia dutela ere azpimarratu dute.
Portugaleten entsegu-lokala duen hirukote leioaztarrak laster argitaratuko duen diskoaren izen bera duen singlea entzungai dago daborduko sare sozialetan. Horretarako, bideoklipa ere grabatu dute Luis Vil eta Ruben Gebararen gidaritzapean.
Hilaren bukaeran plataforma guztietan plazaratuko duten diskoa Mungiako Submarino Records estudioetan grabatu dute, Iñigo Escauriaza soinu-teknikariagaz batera. Halaber, Bartzelonako Ultramarinos estudioetatik diskoaren "bizitasuna bultzarazi" duen Victor Garciaren laguntza ere izan dutela ere azpimarratu dute.