Agintaldirako gobernu-akordioa sinatu dute Leioako EAJk eta PSE-EEk

Erredakzioa 2023ko uzt. 6a, 09:48

Iban Rodriguez Leioako alkate jeltzalea eta Juan Carlos Martinez bozeramaile sozialista gobernu-akordioa berritzeko unean. © LEIOAKO UDALA

Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak (EAJ) eta PSE-EEko bozeramaile Juan Carlos Martinezek akordio berria sinatu dute, Leioako udalerriaren bosgarren mendeurrenak markatuko duen agintaldirako.

EAJk eta PSE-EEk gobernu-akordioa berritu dute Leioan, eta datozen lau urteetarako gobernu-programa ezarri dute. Azpimarratu dutenez, programa horren lehentasuna pertsonen beharrei erantzutea izango da.

Halaber, agintaldi hau Leioa Erandiotik banandu zeneko bosgarren mendeurrenaren ospakizunak markatuko du, eta testuinguru horretan, gobernu berriak erronka garrantzitsuak izango dituela iragarri dute: Gizarte-zerbitzuak indartzea, Torresolo kiroldegia amaitzea, HAPO berria, Lamiako-Txopoetak eraberritzea, berdeguneak zabaltzea herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko, lejoan Busako trazadura hobetzea, institutua udalerriaren erdigunean eraikitzea, La Avanzada estaltzea edo Emakumeen Herri Etxea sortzea, besteak beste.

“Agintalde honek ilusioz betetzen nau", nabarmendu du Iban Rodriguez agintaldia errepikatuko duen alkateak, "aurrekoan bultzatu genituen jarduera asko amaituta ikusiko ditugulako, eta jakina, agerian geratuko delako Leioa bizigarri, bideragarri eta bidezko baten aldeko apustua, eta batez ere, arrazoi gehiago izango ditugulako gure herriaz harro sentitzeko”.

Bestalde, Juan Carlos Martinez bozeramaile sozialistak adierazi duenez, “itun honek egonkortasuna emango dio udalari beste lau urtez eta hori funtsezkoa da herritarrek benetan eskatzen dituzten politikak egin ahal izateko”.

Orotara, horrela geratuko da gobernu-taldea: Etibaliz Bilbao (EAJ) izango da Lehen alkateordea, Pilar Grados (PSE-EE) bigarren alkateordea eta Mikel Abascal (EAJ) hirugarren alkateordea.

Leioako PSE-EEk honako arlo hauek kudeatzen jarraituko du: Gizarte Politikak, Gizarteratzea, Adinekoak, Osasuna eta Garapenerako Lankidetzarako arloa; Berdintasun arloa eta Enplegu, Ekonomia Sustapen, Merkataritza eta Turismo arloa.

Halaber, leioako EAJ-PNVk gainerako arloak kudeatuko ditu, Hezkuntza barne eta auzo eta Nagusie-etxeen gaineko erantzukizunak. Datozen lau urteetarako Agintaldi Plana urte amaierarako eginda egongo dela ere iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun