Leioako Udal Kontserbatorioko auditoriuma birmoldatzeko lanak hasi dituzte

Erredakzioa 2023ko abu. 23a, 12:58

Auditoriumak birmoldaketaren ostean izango duen itxuraren irudikapena. © LEIOAKO UDALAK

Leioako Udalak hasiera eman dio Udal Kontserbatorioko auditoriuma birmoldatzeko lanei, horien kontratua sinatuz. Zehaztu dutenez, lanen adjudikazioaren zenbatekoa 175.285,96 eurokoa da, BEZ barne. Obrek lau hilabete iraungo dute, baina, esku-hartzea auditoriumean bertan baino ez denez egingo, ez dute eragozpen handirik sortuko ikasturtearen hasieran.

Udalak azaldu duenez, birmoldatze-proiektuaren helburua da auditoriumaren gunea hobetzea. Horretarako, esku-hartzearen funtsa ekipamendua, jesarlekuak eta korua modernizatzea izango da, baita berritze estetikoa egitea ere, zoladuren, estaldura bertikalen eta sabaien akaberetan; hori guztia, auditoriumaren bolumena aldatu gabe.

Gaineratu dutenez, jarduketa hori baliatuko dute argiztapeneko eta suaren aurkako babeseko instalazioak berritzeko, eta soinu- eta bideo-sistema berria instalatzeko, gaur egun ez baitago.

Birmoldaketaren faseak

Esku-hartze nagusia lehendik dauden besaulkiak eta korua eguneratzea izango da. Horretarako, alde batetik, eremuaren erabileragaz bat datozen besaulkiak jarriko dituzte oraingoen ordez, eta, bestetik, beste koru teleskopiko bat, bizkarralderik gabeko zurezko eserleku jarraituagaz (motorizatzeko aukeragaz), erabiltzeko errazagoa izan dadin.

Gainera, esku-hartzearen bidez, auditoriumaren eremua osatzen duten paramentu bertikalen eta horizontalen estetika berrituko dute: paramentu bertikaletan dagoen ehun-estaldura altxatuko dute, eta haren ordez, birziklatutako ehun-zuntzez egindako panel akustiko apaingarri bat jarriko dute. Panel hori agertokiko maskor akustikoaren goiko aldean dauden paramentu bertikaletan jarriko dute, gune osoaren perimetroa osatzeko.

Gainerako zurezko paramentu bertikaletan zigilatze bat eta esmaltezko bi eskualdi aplikatuko dituzte, eta egungo kolorea aldatuko dute kolore argiago bategaz. Bestalde, sabaietan, kolore argiko margo plastikoko bi eskualdi emango dituzte.

Halaber, aretoko, agertokiko eta eskaileretako zoladurak leundu eta bernizatuko dituzte, zur trinkoko zoladura konpondu ondoren, eta azaleko geruza eta berniz hondatua kenduko dituzte.

Azkenik, esku-hartzea baliatuko dute instalazioetako paretetan eta sabaietan dagoen argiztapen-instalazioa altxatzeko, eta aretorako zein agertokirako argiztapen berria jartzeko. Bideo- eta soinu-sistema berri bat ere instalatuko dute, eta suteen aurkako babes-sistema eguneratuko dute, suteak detektatzeko sistema egokituz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun