Leioako udaltzain bat ari dira ikertzen aldageletan grabaketak egiteagatik

Ander Zarraga 2023ko abu. 24a, 12:13

Leioako Udaltzaingoko agenteak kontrol bat egiten, artxiboko irudian. © LEIOAKO UDALA

Getxoko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegia Leioako Udaltzaingoko agente bat ikertzen ari da 2015etik aldageletan grabaketak egiteagatik salatua izan ostean. Naiz komunikabideak argitaratu duenez, ikerketa aurreko martxoaren amaieran abiatu zuten Udaltzaingoak berak eginbide penalak bideratu ostean. 

Urte hasieran, Leioako Udaltzaingoko buruzagitzak agente batek aldageletan grabaketak egin omen zituela jakin zuen, Naiz komunikabideak jakinarazi duenez. Hori dela eta, polizia-kidegoak aholkularitza penalerako kanpoko kabinete bat kontratatu zuen, agentearen aurkako eginbide penalen instrukzioa baloratzeko.

Agenteari leporatutako gertakarien larritasuna egiaztatu ondoren, Udaltzaingoak berak eginbide penalak bideratu zituen Getxoko Instrukzioko Epaitegian, eginbide penalen bidez agentea ikertutzat jo zezaten. Hala, aurreko martxoaren amaieran, Getxoko Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegiko titularrak aurretiazko eginbideak hasi zituen eta agentea ikertzeari ekin zioten.

Aipatutako komunikabideak kontsultatutako iturrien arabera, "badirudi gertakariak nahiko frogatuta daudela, eta ikertutako agenteak hainbat urtez egin dituela grabazioak aldageletan". Gaur gaurkoz, agentea bajan dagoen arren, Udaltzaingoan jarraitzen du eta soldata jasotzen.

Era berean, hedabide horrek adierazi du Leioako Udalak kasua baieztatu duela, eta, ziurtatu duenez, "proaktiboak" izaten ari dira ikerketan, eta hori lehenbailehen argitea espero dute. Hala ere, auzia judizializatuta dagoenez, oraingoz ez dute gai horri buruzko xehetasun gehiagorik eman.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun