Herritarrek guztien onurarako proposamenak aurkezteko Herriguneren prozesu parte-hartzailea da Ekin Leioa. Ekimenaren bigarren deialdi honetan Leioako komunitatea hobetzeko herritarrek dituzten proposamen berriak ezagutu gura dituztela adierazi dute antolatzaileek, "elkarrekin egiten ikasten jarraitzeko".
Aurreko edizioan, 2021ean, leioaztarrek 70 proposamenegaz parte hartu zuten, eta hurrengo bi urteetan garatu dituzte orduan erabakitako erronka kolektiboak: ortu komunitarioak eta zahartze osasungarria lortzeko auzokide sarea.
Nola parte hartu
Printzipioz, Leioa eta leioaztarrentzat onuragarriak izan daitezkeen ideiak dituen edonork parte hartu dezake. "Denbora bat har ezazu guztion onurako proposamen batean pentsatzeko, leioaztarren egunerokoa hobetu dezaketen ideien, ekimenen, proiektuen…", proposatu dute Herriguneko antolatzaileek.
Irailaren 25era arte Leioan erroldatutako edozein pertsonak parte hartu dezake, adina edozein dela ere, baita udalerrira lana dela eta doazenak edo udalerriagaz lotura duten pertsonak ere. Proposamenak aurkezteko bide ezberdinak daude: batetik, aurkezpen inprimakia betez eta udalerrian dauden 15 postontzietako batean utziz edo Leioaz-zabalik web-gunean ere aurkez daitezke proposamenak.