Europako Batzordeak antolatutako eta Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatu ekimen hau kultur ondare immaterialari eskainita dago bereziki, eta horren barruan, proposamenetako bat da Naturarekin eta Unibertsoarekin lotutako ezagutzak eta erabilerak izeneko proposamena. Horren barruan kokatzen da, hain zuzen ere Leioako Arboretuma ezagutzeko ibilbide berdea.
Irteera Sakoneta kiroldegiko eta udaletxeko haritzetan hasiko da, Sarrienako artetik eta Horoskopoko parketik pasatuko da, eta Arboretumak eskaintzen duen biodibertsitate begetalean murgiltzeko aukera eskainiko du, bost kontinenteetako zuhaitz eta landareak ikusteko.
Udal-iturriek azaldu dutenez, zuhaitzak ez dira soilik botanikaren aztergaia; sakon errotuta baitaude inguruko kulturan, espiritualtasunean, historian eta ekonomian, besteak beste. Ikuspegi anitz horretatik abiatuta, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Nakusarbe Elkarteko ikertzaileek emango dituzte azalpenak.
Parte hartzeko beharrezkoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiak eskainitako webgune honetan izena ematea, agendan sartuz. Eguneko 20 plaza egongo dira eta urriaren 8ko bisita familiei zuzenduta egongo da, azalpen errazagoakaz, euskaraz zein gaztelaniaz; 15ean eta 22an gaztelaniaz izango dira eta 29an, euskaraz. Informazio gehiagorako deitu 946 072 576 telefono-zenbakira.