Altzaga Ikastolako jantokiko beharginek sare sozialetan argitaratu duten komunikatu batean IGEaren jarrera salatu eta gaur, irailak 20, greba mugagabea hasiko dutela iragarri dute. Gogoratu dutenez, aurreko ikasturtean ere hainbat greba-egun egin zituzten, eta, horren eraginez, IGEagaz lan-akordio batera heldu ziren: 2023-2024 ikasturtean jantokia kudeatzeko aukeratzen zuen enpresak gainontzeko eskola eta ikastoletako baldintza berberak aplikatuko zizkien.
Idatzian deitoratu dutenez, IGEak kontsulta bat egin zuen eta familiek jantokiaren kudeaketa zuzena egiten jarraitzearen alde azaldu ziren, Hezkuntza Sailak horren ardura hartu ez zezan. Halaber, jantokiko pertsonalak azaldu dutenez, boto-txarteletan zera ematen zen aditzera: "Langileei zuzeneko kudeaketako hitzarmenean jasotzen diren lan-baldintza berberak aplikatuko zaizkie"; hau da, langileek ikastolako familiak kudeatutako sistemagaz jarraituko zuten, baina beraiek aldarrikatzen zituzten baldintzak aplikatuz.
Baina aurreko ikasturtea amaitu aurretik, gurasoen elkarteak adostutakoa ez zuela errespetatuko erabaki zuela gaitzetsi dute beharginek. Era berean, IGEak jantokia kudeatzeko Serunion S.A. enpresa kontratatu duela ere azaldu dute, baina hiru aldeek irailaren 4an egin zuten bileran gurasoek hitza ez hartzea erabaki zutela deitoratu dute.
Era berean, deitoratu dute enpresaren bitartez jakin dutela IGEak % 6ko soldata-igoera proposatu ziela iralaren 7an, "gure aldarrikapenetatik oso urrun". Gainera, aurreko ikasturteagaz alderatuta, baldintzak okertu dizkietela ere salatu dute, sei beharginei ordutegia 2,5 ordutik ordu bakarrera murriztu baitiete.
"Langileak engainatuta eta haserre sentitzen gara, IGEak ez duelako bere hitza bete, ezta boto-txarteletan agindutakoa ere. Ez dute adostutakoa errespetatu eta orain baloiak kanpora bota eta erantzukizuna enpresa berriari eman diote", adierazi dute komunikatuan.