Leioako bigarren orientazio-proba herrikoia egingo dute domekan

Ander Zarraga 2023ko ira. 27a, 11:10

Leioako bigarren orientazio-proba herrikoian izena emateko epea gaur, irailak 27 itxiko dute. © COBI

Leioako Mendi Taldeak eta Leioako Udalak orientazio-proba herrikoiaren bigarren edizioa antolatuko dute domekan, urriaren 1ean. Lehiaketa Boulevardko gune estalitik aterako da 10:00etan eta COBI Bidea Orientazio Klubaren laguntza izango du alor teknikoan.

Orientazio proba herrikoi honek Leioako udalerriko kaleak zeharkatuko dituzten hiru ibilbide ezberdin izango ditu, baina horien guztien helmuga Artatza parkean egongo da. Horretarako, parte-hartzaileei mapak banatuko dizkiete hirigunea zeharkatuko duten honako ibilbideakaz: open horia, laranja eta gorria.

Parte-hartzaileek hiru ibilbideetako bat egin beharko dute banaka edo taldeka eta mailaka aterako dira Boulevardtik "start baliza" deituriko lasterketaren hasierako puntutik, eta dagokion ordenean igaroko dira mapan markatutako balizetatik. Lasterketa 10:00etan hasiko da, baina horren aurretik, 09:30ean irekiko dute Boulevardko Lehiaketa Zentroa eta parte-hartzaileei probarako materiala eta azalpen labur bat emango diete.

Izena emateko epea gaur, irailak 27, gauerdian itxiko dute eta lotura honen bitartez egin beharko da; bi euroko prezioa dauka helduen kasuan eta euro bakarrekoa adingabeentzako. Parte-hartzaileak nahitaez igaro beharko dira Boulevarden egongo den lehiaketa-zentrotik, ibilbide osoa egin ez arren, antolakuntzak inor galdu ez den froga izan dezaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun