Leioako Udalak euskararen erabilera sustatzeko Berbaldun euskaraz egin dezagun programaren 10. edizioa jarri du abian. Ekimen honek leioaztarrek euren artean euskaraz hitz egiteko aukerak eman gura ditu, hizkuntza ohitura berriak sortuz. Berbaldun egitasmoan parte hartu dezake euskaraz dakien edo komunikatzeko gutxieneko maila duen 16 urtetik gorako edozein pertsonak.
Pertsona batek dinamizatutako elkarrizketa-taldeetan oinarritzen da programa, eta talde horiek gutxienez astean ordubetez bilduko dira; goizez, 09:00etatik 15:00etara, edo arratsaldez, 15:00etatik 21:00etara, parte-hartzaileen eskaeren arabera.
Elkarrizketa-taldeez gain, Berbaldun ekimena beste elkarte eta erakunde batzuek antolatutako bestelako jarduera puntual batzuekaz ere osatzen da: Berbodromoa, txangoak, hitzaldia, antzezlanak...
Parte hartzeko beharrezkoa izango da fitxa bat betetzea eta Mastitxu Udal Euskaltegian edo Lamia AEK Euskaltegian entregatzea, berbaldun.leioa@gmail.com helbidera idaztea edo 688 850 129 telefonora whatsapp bat bidaltzea.